HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 31
Aldi hartan, fariseu batzuk joan zitzaizkion Jesusi eta esan zioten: «Zoaz, alde egizu hemendik, Herodes Zu hil nahian baitabil». Jesusek erantzun zien: «Zoazte eta esan azeri horri: “Hara, gaur eta bihar deabruak botatzen eta sendatzen jarraitu behar dut, eta hirugarren egunean nire azkena izango da”. Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar diot, profeta ez baitaiteke Jerusalemdik kanpora hil. Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta Jainkoak zuri bidaliak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ote ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak bere txitaldia hegalpean bezala, eta zuek ez duzue nahi izan! Horra, bada, hutsik geldituko zaizue etxea! Eta esaten dizuet ez nauzuela ikusiko, hau esango duzuen eguna iritsi arte: “Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena”».
Lukas 13, 31-35.
Batzuetan, Ebanjelioaren hainbat egia geure egiten ditugu gure ideologia partikularrekin jantziz. Egia hauekin itsutu ere egiten gara, kanpoko hainbat erasoren aurrean –barrukoak barne!– su eta gar defendatzen ditugularik.
Gaurko pasarteak Jesusek Jerusalemen izandako aienearen berri ematen digu. Han hilko dutela jakin arren, prest dago Israelgo herri hautatuaren hiribururako bidean jarraitzeko, nahiz eta herri hautatuak ez zituen profetak entzun nahi izan, orain ezta Jesusi ere.
Espiritu Santuak gaur behin eta berriz esan diezagukeenari gor izateko bezain seguru ez egotea zaindu beharra dugu. Horretarako, Sinodoan entzun dugun diszernimendu jarrera zaintzea badaukagu, honek behar duen barne askatasuna bakardadean egindako otoitzean, sakramentuetan eta gizartearen mugetara bota ditugunekiko gertutasunean elikatuz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments