HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 29
Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeren irudikoa da Jainkoaren erreinua? Zeren antzekoa dela esango nuke? Gizon batek bere baratzean botatzen duen mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dute habia». Esan zuen gainera: «Zeren antzekoa dela esango nuke Jainkoaren erreinua? Legamiaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».
Lukas 13, 18-21.
Eliza bi milaka urteko erakunde bat da, mende askotan ezarpen sozial handia izan duena, baita arlo politikoan ere. Azken hamarkadetan berriz, Europan azkar eta nabarmen gutxitzen ari gara eta, ondorioz, hutsaren hurrena izateko galzorian gaudela sentitzen dugu. Horregatik amore emateko tentazioa ere batzuetan gugandik gertu ibil daiteke.
Gaurko pasartean, Jesusek bi errealitate nimiño jartzen dizkigu begien aurrean, mostaza-hazia eta legamia, Jainkoa antzekoa dela esateko, gure inguruan itxuraz garrantzirik gabekoa izanik ere, Bere baitan errealitate oso handiak sortzeko gaitasuna daramana.
Jesusen jarraitzaileari, egun batean Jesukristorekin topo egin izanak bere biografia salbazio-historia bihurtu dio. Ez al da hau handia? Horrela gertatu denean, Jesusen jarraitzailea bizipen horren lekuko izan daiteke: Jainkoa mostaza-hazia eta legamia bezalakoa dela. Jarraitzaile komunitate bat Jainkoaren Hitzaren inguruan dabilenean mostaza-hazia bezala edo legamia bezala da, batez ere, ingurukoentzat.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments