
Entzun izan dugu, Jauna, Jesus han-hemenka zebilela mirariak egiten: gaixoak, deabrudunak, elbarrituak… edo itsuak sendatzen, adibidez. Horrela ikusten omen zen bere boterea, horrela erakusten omen zuen Jainkoa zela. Honen ondorioz, sarri askotan, gure Jainkoa antzerki klasikoan agertzen ziren jainkoen antzekoa dela pentsatu izan dugu: makina baten laguntzaz gizakien eszenatokira jaisten ziren eta dena konpondu.
Baina Jesusen mirariek ez digute halakorik erakusten. Jesusek bakarrik erakutsi nahi zuen gauzak aldatuta zeudela, azkenean Jainkoak historian esku hartzen zuela eta aurrerantzean gauzak Jainkoak nahi zituen bezala izan zitezkeela. Horregatik mirariak egoerarik txarrenetan zeudenen alde egiten zituen. Eta baldintza bakarra eskatzen zuen: sinesmena.
Eskerrik asko, Jauna,
nire buruari begiratu
eta nire miseriak aztertzeko
proposamena egiten didazulako.
Eskerrik asko,
nire egoera honetan nagoela,
zugana deitzen didazulako
—zuzenean batzuetan,
otoitzean, esaterako;
eta ingurukoen bidez, bestetan,
animoa emanez, gainera—
Eskerrik asko,
guk biok dakigun bezala,
bekataria naizen arren,
oraindik ere entzun egiten didazulako
eta “zer nahi duzu nigandik” galdetu.
Emadazu argia, Jauna,
nire burua naizen bezala ikusi
eta aldatu nahi izateko.
Emadazu sinesmena,
hotzetik eta lotsatik babesten nauten jantziak utzi
eta konfiantzaz zugana joateko.
Horrela, zuri jarraitzeko indarra,
beti zure atzean ibiltzeko konfiantza
izango dut beti.
Berriro ikusi nahi dut, Jauna!
0 Comments