
Behin urriraz gero, egunak laburtuz doaz eta gauak luzatuz. Gure baserrietan, sukaldea familia elkartzeko gune garrantzitsua zen, familiako eskola multidisziplinarra esango nuke, eguneroko errosario santua barne. Iluntzeak, besteak beste, etxe barruko lanetararako aprobetxatzen ziren. Lanetariko bat, gorueta edo ardazketa zen eta gehienbat andrazkoen lana sutondo inguruan. Gorua zein ardatza, biak ziren haria egiteko, linaza edo linazaroetako linoarekin zein artaldeetako ardien artilearekin. Lan hau sukaldeko sutondoan egiten zen, normalean norbere etxaldean eta auzune handietan taldeka ere bai inon diren kontu eta kantuei ekinez. Goazen kontu bat aipatzera. “Behin, goruetan zebilen andrazko bati, katu beltz bat agerten omen zitzaion gauero. Senarrari kontatu zion eta hurrengo gauean senarra andra jantzita geratu zen goruetan. Agertu zen katu beltza eta badiotso: Zer? Gizona eta goruetan? Eta gizonak erantzun: katua eta berbetan? Hartzen du surteko ilinti gori bat, jo katu beltza eta ospa egin zion alaurika. Hurrengo egunean auzoko bat aurpegia erreta agertu omen zen, denen harridurarako”. Goazen kantura. Horra hor “ Oi Pello Pello logale nauk eta…” abesti Baxe Nafartar ospetsua, R.M. de Azkuek jasoa bere “Cancionero Popular Vasco” bilduman, Aita Donostia musikariaren laguntzaz. Gaur egun, gorueta edo ardazketa galdu da baina abestia hor daukagu egintza hori gogoratzeko.
0 Comments