HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 21
Aldi hartan, jende arteko batek esan zion Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko». Jesusek erantzun zion: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edota ondasun-banatzaile?». Eta jendeari esan zion: «Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere». Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik”. Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta haietan jasoko ditut garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: “Ea, motel! Baduk hor gordeta urtetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi ongi!”. Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duk. Norentzat izango duk pilatu duana?”». Eta honela amaitu zuen Jesusek: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituenari».
Lukas 12, 13-21.
Ebanjelioko pasarte honen hasiera, gaur egun gertatzen diren egoerekin konekta dezakegu. Hainbat familia jasotako seniparteak direla eta liskarretan sartzen dira. Askotan harremanak haustera eramaten dute honelako arrazoiek. Ze tristea den familia arrazoi honengatik haustea.
Aurrerago, Jesusek dio: “Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere”. Gure munduan, deigarria izaten da ondasun handiak eta oso aberatsak diren jarrerak ikusten ditugunean, baina, Jesusek guri ere arreta eskatzen digu kontuz ibiltzeko. Kontsumo arduratsua kontuan al dugu? Adibidez, kontuan izaten al dugu erosten ditugun produktuetan, ea horretan lan egiten duten pertsonen giza eskubideak urratzen diren eta gainera ea aberatsak direnak horrela diru gehiago lortzen duten?
Jesusek argi uzten du ondasunak pilatzearen grinak kalte izugarria egiten duela. Zertarako guzti hori, maitasunik ez badago? Benetako biziaren bidea berak erakusten digu eta bizitzaren oinarria bere maitasun mugagabea da
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments