
Saia gaitezen artikulu honi ekiten egiatxo bista-bistako, erdi-txepel, laño antzeko horietako batekin: erlijio gaietan eta oro har, afera espiritualetan, hizkuntzak, mintzaira moldeek, hitzek, berebiziko zentraltasuna daukate. Izan ere, nolabait adierazi behar, nolabait berbaratu behar gizakion buru-bihotzak korritzen dituzten betiko jakinmin, galdera eta irrika horiek, eta horrexetarako, ezIinbestekoa da, nola ez, hizkeraren premia.
Egia esan, hala da: maiz, sinesmena eta hizkuntza misterio-Misterio beraren aurkia eta infrentzua dira. Mintzairaz hausnartzeko eta hitzak dastatzeko nahiz ikertzeko joera hori agerikoa da, orobat, sinesmen erlijiosoen parajeetara hurbiltzen direnen kasu pertsonaletan ere agerikoa da: bada (bagara!) jendilaje mota bat, bitxi eta friki xamarra akaso gaur egun (eta beti), letrazale dena bai Hitzaren eta bai hizkuntzaren aldetik (trukatu bitez, nahi bezala, letra larri eta txikiak). Adibideak, makina bat: atari honetantxe bertan Juan Manuel Etxebarriak argitaratzen dituen pieza gozagarriak[1], kostaldeko apaiz bertsozalea[2], euskal historian ekarri oparoa utzi duten hainbat[3] eta hainbat[4] gizakume, Arratia aldeko abade olerkaria[5] … eta abar.
Baina, atariko digresio hau, zertarako?, otuko zaio dagoeneko pazientzia eskas duen irakurle onberari. Bada, honako auzi hau apalki plazaratzeko: nola eman euskaraz kristautasunean halako itzala duen discernimiento/discernement/discernment arrandiatsu delakoa? Zeren eta ez da berau, horratio, kristau tradizioan sos erdia balio duen kontzeptua. Esaterako, hala Biblian bertan,[6] nola Katiximako hainbat ataletan[7][8] topa daiteke eta, berriki, Frantzisko Aita Santuak diszernimendua bera izenburu soiltzat duen katekesi ariketa eskaini du[9]. Bestelakoan, nola ahaztu, San Ignazio Loiolakoari eta hark sortutako Jesusen Lagundiari hertsiki lotutako kontzeptua[10] da eta, labur esanda, espiritualitate ignaziarraren giltzarrietako bat[11].
Bada, gatozen behingoz testutxo honen muinera: Elizaren bizitzan funtsezko egitekoa duen kontzeptu hori zer termino konkreturekin isuri behar dugu euskarara? Izan ere, badira, egon, Elizaren edo kristau-taldeen testu batzuk non gaztelaniazkoaren ordaintzat “bereizmen” idazten den euskarazkoan. Hala nola, Sinodalitateari buruzko Sinodoaren inguruan Donostiako Elizbarrutiak argitaratutako txosten honetan[12], edo Eutsi Berrituz[13] Gipuzkoako kristau taldearen adierazpen honetan[14].
Nik, ostera, aitor dut nahiago dudala, aukeran, disznernimendu, diszernitu eta gisakoen alde egitea. Izan ere, bereizi aditzak eta haren eratorpen den bereizmen izenak badituzte, bere horretan, adiera franko. Hala, susmoa dut irakurle arruntak, kontestu handirik gabe, bereizmen irakurtzen badu, ez zaiola gogora etorriko diszernimendu-hausnarketa-barnekotasun-otoitz eremu semantikoa, baizik eta, areago, berezitasun-desberdindu-berezi esparrura joango zaizkiola burubideak.
Ildo horretan, atari honetantxe bertan badira diszernimenduren aldeko joera horixe bera jarraitzen dutenak. Hala nola, Pakea Murua Ebanjelioaren iruzkin honetan[15] edo Xabier Riezu testu eder honetan[16].
Esan behar da, gainera, kontuari erabilera idatziaren ikuspegitik helduz, Euskal Herriko Unibertsitateak eskuragarri duen Egungo Testuen Corpusa (ETC) delakoan badirela diszernimenduren hainbat agerpen[17]. Beraz, hitz horixe erabilita, ez ginateke euskarazko idatzizkoan arrotz den ezer asmatzen ariko. Bereizmen berbak aldiz, agerpen kopuru askoz handiago du, baina, horraxe koxka, berorietan gehien-gehienak esparru zientifikokoak dira (bereizmen espektral, bereizmen horizontal, pantaila bereizmen, bereizmen angeluar, eta gisakoak).
Labur esanda, beraz, balirudike badela diszernimendu hobestearen aldeko argudio sorta ederra: batetik, erliebe edo textura erlijioso/espiritual propioa duen terminoa litzateke; bestetik, aldameneko gaztelania eta frantsesarekin (discernimiento eta discernement), gaur egun nonahikoa eta noranahikoa den ingelesarekin (discernment) eta Vatikanoko italierarekin (discernimento) bat egingo genuke; azkenik, anbiguotasunei iskin egingo genieke, irakurle arruntaren mesederako. Gainera, esan gabe doa, nahi izanez gero bereizmen sinonimo edo baliokide gisa mantendu ahalko litzateke, errepikapenak saihesteko eta esaldien joskura arinago baten mesedetan (izan ere, Sinodalitatearen inguruko Sinodoa, tira, balekoa; baina akaso ez ote dugun gehiegizkoa izango, zorabiorik nahi ezean, diszernimenduari buruz diszernitzea edo bereizmenari buruz bereiztea…).
Diszerni dezagun, bada, elkarrekin, bitxikeria linguistiko honen inguruan: berorrek, irakurle, ba al du bataren edo bestearen (edo bien) aldeko iritzirik?
[1]https://otoi.eus/2024/04/04/apiril-jorrail/.
[2]https://www.youtube.com/watch?v=SDxTSzTzFDs.
[3]https://www.euskadi.eus/appcont/sustapena/datos/27%20gandiaga.pdf.
[4]https://www.euskadi.eus/appcont/sustapena/datos/38%20ALTUNA.pdf.
[5] https://otoi.eus/2024/06/13/jesusen-hitza/.
[6]Hala dio, esaterako, San Paulo apostoluak Erromatarrei zuzendutako gutunean: “Otoitzaren bitartez, Jainkoaren borondatea zein den diszerni dezakegu”.
[7]https://www.vatican.va/archive/catechism_sp/p4s2a3_sp.html.
[8]Hala nola, otoitzari buruzko 2820 (“Espirituaren arabera diszernituz […]”), 2846 (“Eskaera honek diszernimendu eta indar Espiritua erregutzen du”) eta 2847 (“Espiritu Santuak diszerniarazten digu frogaren […] eta tentaldiaren […] artean”) txataletan.
[9]https://infosj.es/propuestas/20061-discernimiento-una-catequesis-del-papa-francisco.
[10]https://www.jesuits.global/spirituality/discernment/#:~:text=Discernment%20is%20about%20finding%20the,brought%20in%20the%20Spiritual%20Exercises.
[11] https://espiritualidadignaciana.org/discernimiento-indiferencia-y-vida-espiritual/.
[12]https://www.iglesianavarra.org/wp-content/uploads/2021/11/EPK-kuadernoa-bilingue-2021-10.pdf.
[13]https://eutsiberrituz.wordpress.com/.
[14]https://eutsiberrituz.wordpress.com/frantzisko-aita-santuaren-erreforma-zain/.
[15]https://otoi.eus/2024/06/25/ekainak-25-3/.
Eskerrik asko Simon, erabat ados nago esaten duzunarekin. Hiztegiak ez dakar diszernimendu hitza, baina behar beharrezkoa zaigu.
Ados nago zure proposamenarekin Simon. “Diszernimendu” hitza oso teknikoa da eta, batez ere, Ignaziar tradizioan hari askoko esanahia du. Erabileraren poderioz hiztegian sartuko da. Bitartean, eta hiztegian ez dagoen bitartean, letra etzanez edo idatzi beharko dugu.