HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 20

Aldi hartan, Santiagok eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Maisu, eskatuko dizuguna Zuk guri egitea nahi genuke». Jesusek galdetu zien: «Zer nahi duzue, bada, Nik zuei egitea?». Eta haiek: «Eser gaitezela bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara iristean». Jesusek esan zien: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kaliza mingotsa edateko, edo Nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?». «Bai, gauza gara!», erantzun zioten. Jesusek, orduan: «Nik edan behar dudan kaliza mingotsa, bai, edango duzue, baita Nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere; baina nire eskuin-ezkerretan esertze hori ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat duen prestatua, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, haserre jarri ziren Santiagoren eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagiek mendean hartzen dituzte herriak eta handikiek beren agintea ezartzen diete. Ez du horrela izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi denen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita zerbitzatua izatera etorri, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia denen alde ordainsari ematera».

Markos 10, 35-45.

Dagoeneko, Jesusek Galileatik kanpo denbora luze darama Berri Ona zabalduz. Eginkizun horretan, berak aukeratuak berarekin doaz. Beraz, Bizitzazko mezu berria ezaguna dute. Esaten den bezala, jada, “musika entzuna dute”. Berriro ere, garbi azaltzen zaigu, Jesusen laguna izanda ere, gizakiaren grinarik ilunena erabat argitzea, sendatzea erraza ez dela. Eta, gaurkoan, Santiagok eta Joanek (eta beste hamar ikasleen amorruak ere), askotan mugitzen gaituen jarrera horri hitzak eta ahotsa jartzen dizkiote: pribilegioa edukitzea, besteak baino gehiago izatea eta, gainera, Jesusen onespenaz. Markosen elkartean, jarrera hau oso sartua zegoen, nonbait. Ze, lerro batzuk lehenago, antzeko pasarte bat irakurtzen dugu. Bizitzako bidean kilometro dexente egin behar dira Jesusen Berri Onaren muina entzuteko bakarrik ez, ulertzeko eta, batez ere, haragi egiteko: gertatzen dena gertatuta ere, lehentasuna eta handi izatea zerbitzatzetik eta zerbitzari jarreratik dator, eta ez besteak mendean hartzetik. Jarleku honetan esertzeko prest al nago?

 

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude