HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 18
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!”. Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».
Lukas 10, 1-9.
Jesusen erritmoan sartzeko hiru une berezi zehazten dizkigu gaurko Berri-onaren zatiak: izendatua izan, bidalia eta eginkizuna bete. Guztia helburu batekin: Jainkoaren erreinuari leku egiteko. Erreinu horren ezaugarriak izan behar dute: bakea, errespetua, xumetasuna, zentzunezko langilea, elkartea/gizartea sortzea, bizi-emaile izatea (gaixotasunak sendatuz), erreinua gurea ez dela baina bai beraren zati garela jabetzea, otoitzaren garrantzia, zailtasunean aurrera egitea eta bidali gaituen Hartaz fidatzea, inongo protagonismorik bilatu gabe besteekin bidea egitea… Ez legoke gaizki, Jesusen Ebanjeliora hurbiltzen garenean, gure buruari zer bilatzen dugun galdetzea. San Lukasek berak garbi azaltzen digu ez dela ongizate hutsa, sakoneko konpromisozko jarrera baizik. Eta, horrek, berekin inplikazioak daramatza.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments