HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 17

Aldi hartan, Jaunak esan zuen: «Ai zuek, zuen arbasoek hildako profetei hilarriak eraikitzen dizkiezuenok! Horrela, arbasoek egindakoarekin ados zaudetela aitortzen duzue; zeren haiek hil egin baitzituzten profetak, eta zuek hilarriak eraikitzen baitizkiezue. Zerbaitegatik esan zuen Jainkoaren jakinduriak: “Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet eta batzuk hil eta beste batzuk erasoka erabiliko dituzte”. Baina munduaren hasieratik isuri den profeta guztien odolaren kontuak eskatuko dizkio Jainkoak gizaldi honi: hasi Abelen odoletik eta aldaretik santutegira bitartean hil zuten Zakariasen odoleraino. Bai, Nik diotsuet gizaldi honi eskatuko dizkiola kontuak. Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zaretenok! Zuek ez zarete sartu, eta sartu nahi zutenei ez diezue utzi». Jesus handik atera zenean, fariseuek eta lege-maisuek gupidarik gabe eraso zioten, galderak egin eta egin, ea erantzun okerren batean harrapatzen zuten.

Lukas 11, 47-54.

Atzoko “Ai zuek!” esaerak, gaurkoan jarraipena du. Jesusek atzokoan gogor jotzen bazuen bere mezuaren muina zertarako erabiltzen dugun galdetuz –bizitza gehiago sortzeko edota ilunpea, heriotza, zama gehiago ezartzeko, gaurko salaketa bihotza kuzkurtzeko modukoa da: “…zuen arbasoek hildako profetei hilarriak eraikitzen dizkiezue!, …jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zaretenok!…” Hori oso larria dela esango nuke. Alde batetik, ilunpea edota heriotza areagotzea eta, bestetik, Jainkoaren gainetik jartzea. Jainkoa bera jakintzaren iturri da, baina ez da giltza horren jabe egiten, baizik eta zabaltzen, elkar banatzen, erakusten doa. Eta, aldi berean, legea hobetzen. Hori da hori kontraesana: den Hura, eman eta zabaldu egiten da, Bizitza gehiago sortuz; emana izan zaion hura, berriz, itxi eta besteentzat epaile bihurtzen, ilunpe eta injustizia gehiago sortuz. Zertarako erabiltzen dut bizitzan eman zaidan Bizitzako giltza?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude