HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 14
Aldi hartan, jende asko biltzen ari zelarik, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske ari da, baina ez zaio ezaugarririk emango Jonas profetarena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat. Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jendearen aurka jaiki eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dena. Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jaiki eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dena».
Lukas 11, 29-32.
Berrion honen ia erdian aurkitzen gara, eta gaurko testu honek bizitzako historia, behin eta berriz, errepikatzen dela esaten digu. Egiaz sinestea, sakoneko iparrorratza sendotzea ez da hain erraza. Ez. Erraz ateratzen zaigu: “Bai, baina…”. Kontua ez da gizaldi batekoa edota bestekoa izatea (Itun Zaharrekoa edota Berrikoa, kasu honetan Jonas edota Jesus), barruko jarrerarena baizik eta bihotz-berritzearena, hain zuzen. Badirudi beti nobedadeak behar ditugula zerbait ikusgarriagoa gerta dadin, hobeto eta gehiago sinets dezagun. Baina egiazko Jakinduriak esaten digu, agian, betidanik edota aspalditik datozen bizitzazko Hitzek beren garrantzia daukatela. Bai, Jesus ez dator aintzinako ituna/jakinduria zapuztera, baizik indar, maitasun berri bat eskaintzera: bizitza betera daraman maitasuna. Historiak, bakoitzarenak ere, bere prozesua suposatzen du. Jesus, Jonas baino gehiago da. Baina Jaunaren Salbamen historian Jonas beharrezkoa gertatu da. Horretaz jabetzen al naiz?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments