Espiritualtasuna zer den definitzea ez da lantegi erraza.
Beharbada, modu intuitiboan, pertsona espiritualak identifikatzea errazago izan liteke: bilatzaileak; mundu materialak asetzen eta betetzen ez dituenak; eskakizun eta eginkizun erlijiosoak bete arren, harago joan nahi dutenak; gida eta maisu espiritualak bilatzen dituztenak, etab.
Ziur aski, espiritualtasunaren jarduera eta helburua “betiko bizia” delako esapide horri lotzen zaizkio. “Betiko bizia” esapideak iradokitzen du errealitate hori ez dela agortzen, higatzen, galtzen, hiltzen; nolabait beti irauten duela, azaleko aldaketa iheskor guztiez gain: espiritualtasunaren edozein bilatzaileren itua, zalantzarik gabe.
Pasarte honetako pertsonaiak horixe bera bilatzen du: “betiko bizia”. Bilaketa horrek Jesusengana darama. Nonbait, espero du Jesus bere benetako maisu espirituala izatea.
Inolako zalantzarik gabe, oso pertsona ona da; legeari dagokionez, bekaturik gabekoa. Eskarmentua du, ordea, erlijioak (aginduak gazte-gaztetandik betetzeak) ez dakarrela “betiko bizia”, ez dakarrela espiritualtasunaren bizipen asegarria. Bere bilaketa benetakoa da, pertsona zintzoaren bilaketa ondradua eta sakona. Erlijioaz harago, bere bizia ase dezakeen benetako espiritualtasunaren bila ari da.
Nork ukatuko luke Jesus maisu espirituala dela?
Hala ere, Jesusek eskaintzen duen espiritualtasuna eta pasarte honetako pertsonak bilatzen duena ez datoz bat. Biena espiritualtasuna da, baina esanahia ez da bat eta bera; espiritualtasun biak zilegi; biak ala biak zintzoak, baina ez datoz bat.
Ematen du pasarte honetako pertsonak bilatzen duen espiritualtasuna ez dela gurutzetik pasatzen, ezin duela gurutzea onartu. Ziur aski, beste norabait, beste maisu batengana joango da espiritualtasun egarri hori asetzera.
Jesusen espiritualtasuna oso garestia da, jarraipenaren prezioa (“zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei…”) onartzea oso zaila baita. Espiritualtasunen merkatuan, Jesusena ezin daiteke oso arrakastatsua izan, ezin lehiatu.
0 Comments