HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 12

Aldi hartan, Jesus gauza hauek jendeari esaten ari zela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zuen: «Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!». Baina Jesusek esan zuen: «Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzuten eta betetzen dutenak!».

Lukas 11, 27-28.

Haurtzaroko katekesiko saio bat ekartzen dit gogora beti ebanjelioko pasarte honek. Hitz hauekin Jesukristok bere ama Maria nola goraipatu zuen esan zigun katekistak. Harriturik eta bere azalpena ulertu ezinik, Jesusek ama aintzat hartzea baino, bere atsegina ikasleengan eta Berriona onartu zutenengan eta dugunongan duela adierazten duela erantzun nion nolabait. Katekistak, apaltasun handiz, Andre Maria Jainkoaren hitza entzun eta betetzen duena dela ohartarazi zidan.

Ildo bera hartu zuen Benedicto XVIak Verbum Domini (Jainkoaren Hitza) izeneko idazkian, Mariarengan Jainkoaren Hitza eta fedearen arteko lotura bizia erabat bete dela irakastean. Maria baita Jainkoaren Hitzarako erabat prest dagoen emakumea, eta bere oniritziarekin Jainko Semea gure haragian eta historian sartzeko bidean paper erabakigarria bete zuen. Horrez gain, Maria Jainkoaren Hitza entzuten duen Eliza santuaren irudia da, berarengan ere egiten dela Hitza haragi. Azkenik, Maria Jainkoarentzat eta lagun hurkoarentzat gogoa zabal duenaren sinboloa dela oroitzen digu: bere entzuteko moduan Jainkoaren Hitzak bizitza estilo bat sortzen duelako.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude