HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 11

Aldi hartan, Jesusek deabru bat bota ondoren, jendarteko batzuek zioten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen zioten. Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua erraustu egingo da eta etxea etxearen gain eroriko. Era berean Satanas ere: bere baitan zatiturik badago, nola iraun dezake haren erreinuak? Zuek diozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen ditut. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen baditut, garbi dago iritsi dela zuengana Jainkoaren erreinua.

Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen duen bitartean, seguru dauzka bere ondasunak. Baina indartsuago den batek eraso eta menderatzen badu, segurantzia ematen zioten armak kendu eta banatu egiten ditu hari harrapaturiko ondasunak. Nire alde ez dagoena nire aurka ari da, eta nirekin biltzen ez duenak sakabanatu egiten du. Espiritu gaiztoa, norbaitengandik atera ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina aurkitzen ez duelarik, bere buruari esaten dio: “Itzul nadin atera nintzen neure etxera”. Iristean, etxea garbitua eta apaindua aurkitzen du. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen. Horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da».

Lukas 11, 15-26.

Barne bizitzak ere errebote efektua izan dezake, gure bizitzako beste hainbat alderditan bezala. Neke handiak har ditzakegu behin etxea atontzeko, baina nekearen nekez gehiago arduratzen ez bagara laster aurkituko gara hasierako baino okerragoa den egoeran. Denboran mantendutako saiakera bat da etxea zaintzea: ordena eta garbiketa ohiturak barneratuak dituen bizitza estilo bat.

Espiritu bizitza, fede, maitasun eta itxaropen bizitza dena ere, epe luzeko ibilbidea da: bizitza bera den lehiaren bizkarrezurra. Berezkoa du fedearen lehiak gure bizitza osoan eta beti Jainkoaren onginahia jarraitzeko ardura izatea, aukera ezberdinen artean Jainkoarena den bidea bereizten: gure gizarteak eskaintzen dituen aukeren artean bereizten, arinkeria eta immanentismoa alde batera utzita, eta gure hauskortasunak medio jasotzen ditugun tentaldiak uxatuta.

Barne bizitza, berriz, ez da soilik hazkunde pertsonalaren historia bat: egiazko askapen historia da, Jesusek gaizkiaren misterio zaurgarria den Beeltzebulen atzamarretatik askatu eta askatzen baikaitu, erabat aske izango garen egun handirarte.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.