HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 10
Aldi hartan, esan zien Jesusek ikasleei: «Eman dezagun, zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskide, emazkidak hiru ogi, itzuliko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat zer eskaini”. Eman dezagun, besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean! Atea itxia zegok, eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hau diotsuet: adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta emango dio behar duena». Hau diotsuet, beraz: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emango ote dio arrainaren ordez? Edota arrautza eskatuta, eskorpioia emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez ote die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei!».
Lukas 11, 5-13.
Eskari otoitzarik zabalduena da. Ezbeharrak etorrita edo errukiak bizkortuta gordeeneko ezinak arnasbidea aurkitzen du Jainko ahalguztidunari bere otoitza zuzenduz. Baina otoitza ezin daiteke Jainkoa bera aspertuko lukeen etengabeko eskarietara murriztu. Kristau jatorrak Jainkoari eskerrak ematen jakin behar du. Egunero aurkitzen ditugu Jainkoari eskerrak emateko arrazoiak: gure alde ondo hartzen ditugun eguneroko presentzia edota gertakariengatik, baita gure lekuan jartzen diguten presentzia eta gertakariengatik. Azken hauek ez ditugu hain gogokoak izaten, baina fede bizitzan onura handia ekar diezagukete, gure erosotasun esparrutik haratago bihotz berritzerako dei bizia ditugulako.
Eskari otoitzek askotan gure nahiak eta desioak argi uzten ditu, baina ezin dira Jainkoarentzat tranpa bilakatu, Jainkoak gure nahiak eta desioak betetzen dituen edo ez dituen arabera. Jainkoak, Jesus Semearengan Jainkoa erabat eman zaigu, gure bizitzari aurre egiteko behar dugun on guztia ematen digu Espiritu Santuaren bidez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Gogoeta ederra eta bihotz-altxagarria. Eskerrik asko.