HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 9

Aldi hartan, Jesus otoitzean ari zen leku batean; bukatu zuenean, ikasleetako batek esan zion: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala». Jesusek esan zien: «Otoitz egitean, esazue: “Aita, santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, emaguzu egunean eguneko ogia, eta barkatu gure bekatuak guk ere zor diguten guztiei barkatzen diegunez gero, eta ez utzi gu tentaldian erortzen”».

Lukas 11, 1-4.

Jesus otoitzean ikusita, gordeeneko irrika piztu zitzaion ikasleari. Ikasle hark, askotan errezatuko zuen, judutar legez. Jesusen otoitz egiteko moduan, bere gorputzean, ordea, bestelako zerbait sumatu zuen, harrigarria eta desiragarria, labur esanda, bizigarria. Gaurko pasarteak, beraz, ezer baino lehen, Jesus otoitzean kontenplatzera deitzen gaitu.

Otoitza ez da inoren bizitzan beste egiteko bat: otoitzean, gure hasiera eta oinarri den Jainkoaren presentziaren aurrean,  Haren presentziaren baitan, Haren presentziaren bila, Haren presentziaren jarraibidean, egiaz nor garen agerira agertzen da, nor garenaren jabe egiten gara.

Jesus otoitzean: Jainko Semea, Jainko Aitaren baitan, Espiritu Santuarekin bat eginik. Ikasleak Jesus otoitzean ikustean bere giza gorputzean jainkozko bizia sumatu zuen, gizaki berria, goi-maitasunean adiskidetutako gizadiaren hasikina.

Jesusek bere nortasuna eta misioaren parte egin gaitu Gure Aita otoitza gurekin partekatzean. Zer indar eta sentikortasuna duen Jainkoari aita deitzea seme-alaben ahotik entzunda! Bere biziaren parte egiten ahalbideratzen digu Jesusek kristau ororen ezaugarri den otoitzarekin.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude