HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 7

Aldi hartan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?». Jesusek esan zion: «Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?». Hark erantzun: «Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua bezala». Jesusek erantzun zion: «Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu». Baina, lege-maisuak, galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, esan zion Jesusi: «Eta zein da nire lagun hurkoa?».

Jesusek, orduan: «Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan erori zen. Lapurrek zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. Hain zuzen, apaiz bat gertatu zen bide hartan behera eta, gizona ikusi zuenean, bidetik baztertu eta aurrera jo zuen. Beste horrenbeste egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo zuen. Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion. Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: “Zaindu ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut”.

Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren eskuetan eroritako gizonarekin?». Lege-maisuak erantzun zion: «Hartaz errukitu zenak». Jesusek esan zion, orduan: «Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste».

Lukas 10, 25-37.

Orduko azpikerien memoriak gure azpikeriak ezagutzera eta agerira ekartzera laguntzen digu. Biziaren egarriz aritzen gara; gero eta beteagoa den biziaren bila, betiko biziaren irrikaz. Azpikeriak ederki ezagutzen dituen biziaren bideak bihurritzen ditu: bereizkerien eta kaskarkeriaren labirintoan sartuta, maitasunaren agindu nagusia egiaz desaktibatua gelditzen da: soilik gogoko ditugunei murriztuta. «Zein da nire lagun hurkoa?»

Jesus Jaunak maitasunaren agindu nagusiaren potentzia osoa zabaltzen du bere parabola probokatzailearekin. Gogoko ez ditugunekin lagun hurkoarekin bezala jokatzea da, gure errukiaren eremu estuak krisian jartzen dituena.

Errukitsu izatera deitzen gaituen lagun hurko bakoitza Berrionak zabaltzen duen bizirako bidea da. Gure gizarteko bereizkeriak gainditzen duen errukizko ekintza bakoitzak betiko biziaren berri dakarkigu. Soilik errukiaren bidez jaso baitezakegu Jesusengan Jainkoaren errukiak maitasunean adiskidetzen duen gizadi berriaren parte. «Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango» (Mt 5,7).

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude