Trinitatea, misterioa edo jenialtasuna

2024 Urr 7

Jainkoa ‘bat eta hiru’ izatearen sinesmen-aitortza azaltzea – kristauoi  zailenetan zailenetakoa izaten zaigu -Trinitatearen misterioa esaten duguna–. Jesu Kristok azaldu aurrean, misterio horretaz intuizioren bat bazegoela badirudien arren[1],  ebanjelioen lekukoen arabera, Nazareteko Jesusengan errebelatu zitzaigun lehenengoz Jainkoa Aita, Semea eta Espiritua dela: “Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire (Jesusen) izenean” (Jn 14, 26; Mk 1, 9-11;  Mk 9, 1-8)…

Monoteista zen juduen kulturaren esparruan, aurreneko kristauei –apostoluak barne-  zaila izan ohi zitzaien adieraztea bakarra sinesten zuten Jainkoa, hiru (esan dezagun) ‘pertsona’ ezberdinak zirela: Aita eta Semea eta Espiritu Santua.

Testamentu berriko lehen testua omen den Tesalonikarrei aurreneko gutunean (K. a. 50-53 urteetan) San Paulok, seguraski kristauen artean ohiko izaten zen agurrean, Aita eta Semea aipatzen zituen, eta, arrarorik arraroena, ez Espiritua: “Paulo, Silbano eta Timoteok Jainko AItarekin eta Jesu Kristo Jaunarekin bat eginik dagoen Tesalonikako eliz elkarteari idazten diogu. Grazia eta bakea zuei” (1,1) eta berdintsu Tesalonikarrei urte bertsuko bigarren gutunean eta, 54-58 urte bitartean korintoarrei lehen eta bigarren gutunetan ere, eta Galazierrei (53-54) eta  Erromatarrei  (57-58), eta Kolosarrei (61-63)eta…

Horrek ez du esan nahi Tesalonikako, Korintoko eta abarreko kristauek Espiritu Santuan sinesten ez dutela,  gutunetan eurotan  San Paulok  gogorarazten baitie Espiritu Santua JaInkoa dela: “Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra, era askotakoak zerbitzuak baina Jauna bat bakarra; era askotakoak egintzak, baina Jainkoa  bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena” (1 Kor 12, 4-6; Galaziarrei,4, 5-7, Erromatarrei 8, 14-16; 26, eta abar).

Aipagarria zaigu, bestalde, Korintoarrei gutunetan hasierako agurrean San Pablok aipatu ez zuen Espiritu Santua bigarren gutuneko azken agurrean aipatzea: “Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan bitez zuekin guztiokin” (2 Ko 13,13). Zer egin Espiritu Santuarekin?

Jarraitu irakurtzen

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Bai idazki jakingarria, gutxika-gutxika dastatzekoa.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.