HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 6

Aldi hartan, hurbildu zitzaizkion fariseu batzuk Jesusi eta, hura zertan harrapatuko, galdetu zioten: «Zilegi al zaio gizonari emaztea uztea?». Hark erantzun zien: «Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?». Eta haiek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun». Jesusek esan zien: «Zeuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baizik. Horrela, bada, Jainkoak bat egin duena ez beza gizakiak banatu». Gero, etxean, arazo berari buruz galdetu zioten ikasleek. Jesusek esan zien: «Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak adulterioa egiten du lehenengoaren kontra; eta bere senarra utzi eta beste batekin ezkontzen den emazteak adulterioa egiten du era berean». Beste batean, haurrak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, ordea, haserre egiten zieten. Hori ikustean, haserretu zen Jesus eta esan zien: «Utzi haurrei nigana etortzen, ez galarazi, horrelakoena da-eta Jainkoaren erreinua. Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala hartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko». Eta, besarkatuz, bedeinkatu egiten zituen haurrak, eskuak gainean ezarriz.

Markos 10, 2-16.

Jesusen oinarrizko ezaugarrietako bat gauzen funtsezko denera joatea da; eta beste bat da bizi-bikaintasunerako zuzentzen digun gonbita. Fariseuen munduak ez du sinpletasun horren zentralitate erradikala atzematen. Testuinguru historikoan, Jesusi egiten dioten galderak dibortzioa zein baldintzetan zilegia den argitu nahi du. Tora edo Moisesen Legea etengabe aztertzen zuten garaiko teologoek eztabaidatutako gaia zen. Jesusen erantzuna bi unetan agertzen zaigu:

– Lehenengoa, fariseuei emadako erantzunean, Jesusek teologoek eta adituek bigarren mailako kontuetan galtzeko duten arriskua adierazten du. Kreazioaren kontakizunean argi geratzen da Jainkoaren jatorrizko nahia dela gizonaren eta emakumearen arteko maitasuna leiala eta iraunkorra izatea, betiko ezkontza batean agertzen dena.

– Bigarrena, bere dizipuluei, etxean (Eliza deitzen diogun ikasleekin elkartzeko eta bizitzeko lekuan) jakinaraziko die aipatutako Jainkoaren jatorrizko nahia kontuan harturik dibortzio baten ondorioz sor daitezkeen bigarren ezkontza adulteriotzat baino ezin dela hartu.

Jainkoa errukiorra da eta giza ahuleziaz errukitzen da, horregatik, Jesusek fariseoen aurrean aitortzen duenez dibortzio-aktak emateko zentzurik badago, Jainkoak bakean bizitzera deitu baikaitu, san Paulo apostolok gaiaren gainean irakastean argi adierazten digunez (ik. 1 Kor 7, 15). Jainkoak bizi-bikaintasunera dei egiten gaitu, baina giza ahuleziak horretaraino iristea uzten ez duenean, gutxienez gizakiok bakean bizi ahal izateko aukera babestu behar dugu. Etika bikainena lege zurrun bihurtzen denean, bizi-bide izateari utz diozaioke suntsipen-bide bihurtzeko.

Zer egin orduan? Gure burua Jesusengana doazen haurrengan ezagutzea. Txikiak eta ahulak dira, baina konfidantza osoz Jesusengana hurbiltzen dira hark hartuak eta bedeinkatuak izateko, baita haren besarkada jasotzeko ere. Guk ere gure ahulezia eta beharra ezaguturik, Jesusengana hurbil gaitezke, Kristoren bedeinkapena eta besarkada hartzeko. Biak behar-beharrezkoak ditugu Jainkoaren nahiaren araberako biziera bat bizi ahal izateko.

Kristoren aurrean: Jainkoaren araberako biziera bizi ahal izateko nire ahuleziaz kontuan hartu… Eta haren bedeinkazioa eta besarkada eskatu halakorik bideratu ahal izateko..

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.