HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 5
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, semeak ogia eskatuta, harria emango ote dio? Edota arraina eskatuta, sugea emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei!».
Mateo 7, 7-11.

Gaurko ebanjelioa otoitz eskola da. Batetik konfidantza izateko deia dugu: Jainkoak aintzat hartuko du egingo diogun etengabeko otoitz nekaezin eta fidakorra; eta hala egingo du Jainkoak Aita Ona baita. Jainkoaren aldean gaiztoa den gizakiak berak ere gauza onak ematen badizkie haren seme-alabei, nola ez du gurekin egingo Aita Ona den Jainkoak?
Baina bestetik, gaurko pasarteak beste bi gauza ere irakasten dizkigu:
Lehenengoa: Eskatzen duguna gauza onak izan behar dute. Zein dira gauza on horiek? Testuak aipatzen dituen ogiak eta arrainak bizitzeko behar-beharrezkoa dugunarekin dute zerikusia, baina horrek ez du galdera behar adina argitzen. Horregatik, Lukasen ebanjelioak “zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei!” idatzi beharrean, “zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei” (ik. Lk 11.13) idazten du esanahia argitzeko. Honela, eskatzen duguna lortu ez arren, Espiritu Santua hartuko dugu, bizitzaren zailtasunak gainditzeko Jainkoaren indarra eta poza emango diguna. Hauxe bera da eskatu beharreko gauza ona.
Bigarrena: Gaurko pasartea bizi-gonbidapen erradikal bezain zorrotz agertzen dituen “Mendiko Hitzaldia” delakoaren amaieran dago, eta kontestu horretan ondorengo galdera sortzen da: “Bizi ahal izango dut hori guztia?” Eta pasartearen erantzuna hauxe da: “Bai, behin eta berriz eskatzen baduzu, Aitak emango dizu, eskatzen duzuna ona delako”.
Kristoren aurrean: Hausnartu eta kontenplatu gaurko pasartea… Eta zuretzako ondorioak atera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments