HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 2

Une hartan, hurbildu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdetu zioten: «Nor da handiena zeruetako erreinuan?». Jesusek, haurtxo bati deitu, haien artean jarri eta esan zien: «Benetan diotsuet: Aldatu eta haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan. Beraz, bere burua haur honen antzera apaltzen duena, hori da zeruetako erreinuan handiena. Eta honelako haur bat nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau. Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxietsi! Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe zeruan».

Mateo 18, 1-5.10.

Dizipuluen galderak Jesusek iragarritako eta hasitako diszipuladutzan eta mugimenduan handiena, hau da, garrantsitzuena nor den adierazi nahi du. Jesusek, ordea, galdera berrorientatzen du: nor den handiena galdetu aurretik, Erresuman nola sartzen den jakin behar da. Erresumako bizitza komunitarioaren baldintza “haurren antzera egitea” da. Horrek etengabe haur bihurtzea eskatzen du (ik 19,14), hau da, txikia, behartsua, solidarioa eta besteen mendekoa garela sentitzea eta aitortzea bilatzea. Hauxe bera da besteekin bat eginez oraingo Erreinuaren zeinua eta etorkizuneko Erruinura daraman eliz-komunitatea eratzeko baldintza. Harroek eta buruaskiek ez dute inoren beharrik, eta, ondorioz, ez dute bizitza inorekin elkartasunez partekatzeko beharra sentitzen. Halakoak ez dira egokiak Erreinura daraman diszipuladutzarako.

Komunitatea Jesusen inguruan biltzen denez, berari jarraitzeko eta elkarri laguntzeko, bertan garrantzitsuena behartsuena da. Txikienek, ahulenek, pobreenek zaintza handiena hartu behar dute, eta haiei harrera egiten dienak Jesus-i berari harrera egiten dio. Haurraren irudiak hori nola lortzen den erakusten du: ikasleen galderak ezkutatzen duen handitasun eta harrotasun nahiaren aurrean, behera egin eta apal bihurtu behar dugu. Hura nola lor dezakegun erantzutera eta praktikan jartzera bideratu beharko genituzke geure gogoa eta kemena.

Kristoren aurrean: Hausnartu eta kontenplatu gaurko pasartea… Eta zuretzako ondorioak atera.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude