HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 1

Jesusek, mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabakia hartu zuen. Mandatariak bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoalako. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik sua jaitsi eta kiskal ditzala?». Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Eta beste herri batera joan ziren.

Lukas 9, 51-56.

Gaurko ebanjelioak Jesusen ibilbidean etapa berri baten hasieran erakusten du. Une honetariano Galilean iragarri du Erreinua, eta aurrerantzean Jerusalem-erako bidea hartuko du. Galilean haren iragarpena gaitzespen batekin hasi zen (ik. 4,18), eta orain hartutako bide berrian berdin gertatuko da. Jesus-ek bere diszipuluak bidaliko ditu Jerusalem-era Samariatik igo nahi baitu, baina samariarrek hura eta harenak ez zituzten hartu nahi. Zer egin gaitzespen horren aurrean? Dizipuluek zeruko suarekin nahi dute aztoramena, baina halako jokabidea Erreinuaren iragarpenari ez dagokio, Erreinuan Talion delakoaren legeak lekurik ez baitu, eta bai, ordea, errukitasuna eta aukera berriak ematea. Horregatik, gaitzespenaren ondorioz, Samaria une honetan Jesusen bidetik aldenduta geratuko bada ere, hasierako Elizaren garaian Ebanjelioaren mezua berriro hartuko du (ik. Eg. 8).

Kristau misioaren bizitzan asko gara etengabe gaitzespena eta porrota jasaten ditugunok. Hala denean, gor, itsu eta harrokeriaz beterik senti dezakegun inguru baten aurkako amorruaren, haserrearen eta frustrazioen tentazioak ager daitezke, eta orduan, diszipuluek Samarian sentitu zutena geuk ere senti dezakegu. Halako sentimenduak ulergarriak izan daitezke, baina Jesusen bideari dagozkionak ez dira. Aitortu beharra daukat nire bizitzako une batzuetan pasarte gutxi gertatu zaizkidala hau bezain interpelagarri eta lagungarri.

Kristoren aurrean: Zein dira kristau bezala bizi ditudan gaitzespenak? Zein dira nigan sortarazten dituzten sentimenduak eta erantzunak?… Eta eskatu haren aurrean Kristok emango zukeen erantzun bera emateko gaitasuna.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude