HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 30
Aldi hartan, eztabaida sortu zen ikasleen artean, zein ote zen haietan handiena. Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak, eta, haurtxo bat hartu, beren ondoan jarri eta esan zien: «Haur hau nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauen hura onartzen du. Zeren zuetan txikiena, horixe baita handiena». Orduan, Joanek esan zion: «Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa». Baina Jesusek erantzun zion: «Ez galarazi, zeren zuen aurka ez dagoena zuen alde baitago».
Lukas 9, 46-50.
Gaurko ebanjelioak bi gertaera aurkezten ditu, itxuraz nahiko ezberdinak, baina, egia esan, nahiko erlazionatuak direnak. Bietan, Jesusek zuzentzen du gauzen ulermena eta, ondorioz, ikasleen praxia.
Lehenengo arazoa ikasleen arteko eztabaida baten eskutik dator; haien artean garrantzitsuena nor zen argitu nahi zuten. Azken finean, Jesusek haietako hiru bakarrik aukeratu zituen antzaldaketaren mendira berarekin igotzeko (ik. 9,28-36). Eztabaidak giza-pentsamolde nagusia erakusten du, baina gauzak ulertzeko modu horrek Jainkoaren Erreinuaren errealitatea, bizitza Jainkoak ikusten duen bezala, ikusteko eta ulertzeko ezgaitzen du. Hau dela eta, diszipuluak ez dira gai Jesusek haren emateari buruz agertu dizkien hitzak ulertzeko (ik. 9,44-45). Haien begirada zuzentzeko, Jesusek ekintza bat egingo du eta hitz bat adieraziko du: Txikitasunaren, garrantzirik ezaren eta ahuleziaren sinboloa den haur bat jartzen du erdian. Eta ondoren, aldarrikatzen du bere buruarekin horrela eginez txikienak hartu eta haien zerbitzura jartzen duena Jainkoaren begietara handiena dela. Besteen gainetik sentitzearen eta zerbitzatuak izatearen harrotasunaren aurrean, umiltasuna eta txikienentzako zerbitzua dira Erreinuak eskatzen dituen jarrerak.
Bigarren arazoa da dizipuluek exorzista anonimo bati debekatu egiten diotela deabruak botatzea Jesusen izenean. Komunitatekoa ez delako egiten dute. Jesusek irakasten du komunitateak ez duela esklusibitatea Erresumaren baloreen sustapenean ezta gaizkiaren aurkako borrokan ere. Jainkoak beretzat gordetzen du balio horien alde lan egiten duten pertsonak nonahi sustatzeko eskubidea. Ikasleen ikuspegi estuaren aurrean begirada zabaltzeko gonbidapena dugu. Apaltasuna lantzeko eta hautatuak izateagatik garrantzitsuak sentitzearen harrokeria saihesteko beste modu bat da.
Kristoren aurrean: Umiltasunari dagokionez, nola nabil? Zein dira hura bizitzeko ditudan oztopoak? Ba al dakit arrotzengan eta kanpotarrengan gizarte ona elkarrekin eraikitzeko ekarpenak ikusten? Zein dira horretarako ditudan oztopoak… Eta eskatu argi ikusteko, eta oztopoak gainditzeko grazia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments