Gure Aita, txikienetan zaudena (Lk 9, 46-50)

2024 Ira 30
Gauzak ez dira asko aldatu, Jauna.
Orduan bezala gaur ere
gainerakoen aitortza nahi izaten dugu
Jesusen jarraitzaile izan nahi dugunok ere:
guk ere baditugu geure merituak
eta hori aitortzea justizia kontua da,
nori berea ematea, alegia.
Zergatik ez dugu, bada, eskatuko
gure balioa onartzea
eta horregatik dagokiguna ematea?
Hainbat meritu egin ditugu,
hainbat ahalegin ere bai,
hainbat gauza utzi ditugu bidean dagoeneko,
Jesusi jarraitzen saiatzeagatik;
eta gainera,
meritua guri aitortzen ez bazaigu,
besteren batek hartuko du beretzat.
Geurea baino ez dugu eskatzen.
Ez da zuzena, ala?
Irabazi egin dugu, ezta?

Baina, sarritan gertatzen denez,
Jesusek ez du horrela ikusten:
“Nire izenean garrantzirik gabeko bat hartzen duenak
neu hartzen nau
eta bidali nauenari ere
harrera egiten dio”.

Jesusen ustez, zuretzat handienak
ez dira meritudunenak, ezpada
zapaldurik zapalduenak,
gehien sufritzen dutenak,
gutxien daukatenak,
gure arteko baztertuenak…
Haiengan bizi zara
eta haiengandik oihu egiten diguzu,
gainerakoak —eta batez ere txikienak—
neba‑arrebatzat har ditzagun
eta horrela zu
gure Aita‑Ama izan ahal izan zaitezen.

Eskerrak ematen dizkizugu
gure Aita‑Ama izateko zure borondateagatik.
Eskerrak horretarako bidetzat.
gainerakoak maitatzea,
neba‑arrebatzat hartzea,
proposatzen diguzulako.
Eskerrak,
hori lortzeko ereduak,
gure taldean eta gure taldetik kanpora
aurkitu ahal ditugulako.
Eskerrak,
gure inguruan justizia, askatasuna,
bakea, guztien duintasuna…
maite dituztenekin
lan egin ahal dugulako.

Lagundu, Jauna,
zu txikien horietan aurkitzen eta ezagutzen
eta zugana haienganatuz heltzen.
Handinahia,
boterea,
izen ona,
dirua –bai, Jauna, dirua ere bai—
alde batera utzi nahi ditugu.
Neba‑arrebei zuk begiratzen diezun bezala
so egin nahi diegu
eta haiekin jokatzen duzun moduan jokatu.
Horrela, bihotz‑bihotzetik esan ahalko dizugu:
“Gure Aita, txikienetan zaudena,
santu izan bedi zure izena…”.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude