HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 29
Aldi hartan, Joanek esan zion Jesusi: «Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa». Baina Jesusek erantzun: «Ez galarazi, ez baita inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki esaka jardungo duenik. Zeren gure aurka ez dagoena gure alde baitago.
Mesiasen jarraitzaile zaretelako, baso bat ur bada ere ematen dizuena, benetan diotsuet, ez da saririk gabe geldituko. Nigan sinesten duten txiki hauetakoren baten sinesmena galbidean jartzen duenak hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora amilduko balute. Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu eskumotz betiko bizian sartu, bi eskuak dituzula infernura, itzalezineko sura, joan baino. Zeure oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu hanka-motz betiko bizian sartu, bi oinak dituzula infernura jaurtia izan baino. Zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera; hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, bi begiak dituzula infernura jaurtia izan baino; han ez da hiltzen barruko harra, ezta itzaltzen ere sua».
Markos 9, 38-43. 45. 47-48.
Galbidea eta onbidea.
Testuaren arabera, onbidea ez da, besterik gabe, gure taldekoa izatea, bi esku izatea, oinez geure kabuz ibiltzea, begiak osasuntsu izatea.
Era berean, galbidea ez da, besterik gabe, gure taldekoa ez izatea, eskumotz edo begi bakar izatea, geure kabuz ibili ezin izatea, fisikoki ezindua egotea.
Ematen du galbidea eta onbidea txikiengan eta jarduera txikietan azaltzen direla: garrantzirik (izenik) gabeko txikiengan, txikien fede soilean, baso bat ur freskagarriren sinpletasuna partekatzen duenarengan.
Berdin da txikia gure taldekoa izan edo ez; berdin begibakar edo eskumotz; berdin hemengoa edo hangoa; berdin beltza edo zuria.
Antza, txikitasunean dago handitasuna, atentziorik gabeko eguneroko gauza txikietan, bazterreko jende ikusezinarengan Jainkoa (ongia eta onbide betea) ezkutatzen (azaltzen) baita.
Txikiengan eta eguneroko txikitasunean ezkutatzen (azaltzen) den Jainkoaren erreinuan sartzeko, izaki eta ñabardura txikiei gure izate osoarekin adi egotea litzateke gako iradokitzailea.
Jainko absolutu izendaezina hire albotik pasatzen ari duk/dun: adi egon! Egon hadi!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments