HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 27
Jesus otoitzean bakarrik ari zela, ikasleak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: «Nor naizela dio jendeak?». Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek, berriz, antzinako profetaren bat piztu dela». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Mesias». Inori ez esateko agindu zien Jesusek zorrotz. Eta esan zien, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztuko da».
Lukas 9, 18-22.
Giza bizitza anbiguetatez josirik dago. Batetik, gogoa alderrai dabil sarri askotan, helburu bat eta kontrakoa nahi izanda; bestetik, oinarrizko hitzak esanahi askokoak izan daitezke eta, gainera, esanahi horiek kontrajarrita egon: “ni-a”, “otoitza”, “Jesus”, Mesias”…
Testu honetan ematen du Jesusen bizipenean otoitza zela haren barne batasunaren printzipioa. Jesusen otoitza diszernimendurako harreman berezia zen, non bere izatearen muina aurkitzen zuen, bere ikasleekin (bere inguruko gizakiekin) topo egiten zuen eta bere zereginaren nondik norakoa identifikatzen zuen.
Jendeak profeta boteretsua espero zuen (Elias) edo, behinik behin, porrotaren errebantxa ekarriko zuena (Joan Bataiatzailea). Ildo horretatik, Pedrok “Jainkoaren Mesias” zela adierazi zuen.
Otoitzean –ez ingurukoen desiretan eta itxaropenetan–, Jesusek identifikatu zuen bere mesianismoaren ezaugarri eta esanahi nagusia: botererik gabeko zerbitzaria izatea, munduko botereek gaitzetsia eta giza historian zapuztua izan arren. Otoitzean diszernitu zuen gari alea munduko lur ildoan jausten eta hiltzen ez bada, ezin duela fruiturik eman.
Besteen desiren eta itxaropenen menpe ez bizitzeko, Jesusen otoitzari lotuko ahal gatzaizkio!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments