HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 25

Aldi hartan, Jesusek, Hamabiak beregana bildurik, deabru guztiak botatzeko ahalmena eta gaitzak sendatzeko indarra eman zien. Eta Jainkoaren erreinua hots egitera eta gaixoak sendatzera bidali zituen, esanez: «Ez hartu ezer biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, ezta aldatzeko soinekorik ere. Etxe batean sartzen zaretela, gelditu han herri hartatik atera arte. Eta onartzen ez bazaituztete, herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa, haien kontrako seinaletzat». Atera ziren, bada, eta herriz herri joan ziren, Berri Ona hots eginez eta alde guztietan gaixoak sendatuz.

Lukas 9, 1-6.

Osasuna eta gaixotasuna bi erreferente sinboliko dira Jesusek erabiltzen zuen sinbolo nagusia –Jainkoaren erreinua– ulertzeko eta bizitzeko.

Osasuna, gure eskarmentuaren arabera, ez da soilik egoera fisiko-biologikoa –nahiz eta oso preziatua izan–, giza harremanei ere lotzen baitzaie. Giza osasun betea izateko, ordea, hirugarren baldintza bat erantsi behar diegu aurreko bioi: zertarako bizi izana izatea. Zertarako bizi izan horri lotzen zaio Jainkoaren erreinua, baina ez da gure ahaleginaren fruitua, Jainkoaren dohaina baizik, gizakiaren barne-muinean jasotzen dena eta giza harremanetan ernaltzen eta zabaltzen dena. Kristau esperientzian, horixe da harribitxia, bizipoza. Baina soilik da harribitxia partekatzen denean, komunikatzen denean. Komunikazio hori ez dago boterean eta arrakastan oinarritua, konfiantzan, ahulezian eta pobrezian baizik (makilarik, zakutorik, ogirik eta dirurik gabe).

Horra hor Jesusen promesa: hori bere baitan onartzen duena osasuntsu izango da. Promesa horretan datza giza bizipoz betearen sekretua.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude