HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 24
Aldi hartan, ama eta anai-arrebak joan zitzaizkion Jesusi, baina jendearen jendeaz ezin iritsi ziren beragana. Eta jakinarazi zioten Jesusi: «Hor dituzu kanpoan ama eta anai-arrebak, Zu ikusi nahian». Jesusek erantzun zien: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak».
Lukas 8, 19-21.
Bizitzan zehar entzundako hitzek gutariko bakoitzaren izaera eta nolakotasuna taxutzen dute neurri handi batean. Gure hasierako izena eta, hein batean, izana emana daude bizitzaren hasierako harremanetan (hitzetan). Sakon-sakonean eta ezer baino lehenago, gizakia hitzen entzulea da eta, gero, bere hitzen erantzulea.
Bizitzaren hasierako hitzak –hitz eratzaileak– familiaren inguruan ematen dira; gero, lagunen artean. Klanak, tribuak, klubak, herriak, harreman inguruak dira, non hitzak partekatzen eta identitateak osatzen eta mantentzen diren. Horiek guztiak pertsonaren nahitaezko lokarriak dira.
Jesusek pertsonaren askatasunean sinesten duenez gero, proposamen arriskutsua luzatzen digu: eraiki identitate berri bat!
Identitate oro bezala, harremanetan (hitzetan) oinarrituta egongo da; identitate oro bezala, entzutean eta erantzutean sustraituko da. Jesusek hitzemandako promesaren arabera, Jainkoaren hitza entzuteak eta betetzeak familia berri bat sorraraziko du munduko identitate anitzen artean. Identitate oro bezala, harremanetan (hitzetan) mantenduko eta finduko da.
Harrera egin diezaiogun harreman (hitz) berri horri gure oinarrizko identitate bihur dakigun!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments