HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 23

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Inork ez du argia pizten eta ontzipean gordetzen edota ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten. Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik. Kontu izan, beraz, nola entzuten duzuen! Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».

Lukas 8, 16-18.

“Duenari eman egingo zaio eta ez duenari, ordea, kendu”.

Hara bestea! Nola ulertu hori?

Argiaren sinboloa gakoa izan daiteke pasarte honetan. Argiak mundu sinboliko joria eta iradokitzailea du; sarri askotan, ebanjelioetako testuetan eskuzabaltasunaren baliokidea da, hots, bere bizitza eta bere ondasunak eskuzabalki partekatzen dituenaren ezaugarria. Beste modu batean esanda, lagun hurkoaren beharretan atentzioa eta intentzioa jartzen dituen gizakiaren ezaugarria. Giza bizitzan, horrelako pertsonak hain baliotsuak dira, ezen horietako bat edonork nahiko bailuke bere ondoan izatea.

Kontrakoa da, berriz, ontzipean edo ohepean bere bizitza eta bere ondasunak babestu nahi dituenaren kasua, hots, zikoitza denaren portaera.  

Badirudi Jesusi entzuteak argiak bezala jokatzera gonbidatzen gaituela, hots, eskuzabal izatera.

Eskuzabaltasunez jokatzen duenari bere eskuzabaltasuna indartuko zaio. Zikoizkeriaz jokatzen duenaren bizitza, berriz, guztiz zimelduta geratuko da ohepean.

Antza denez, Jesusen promesa logika horri lotzen zaio. Jesusen bizitzak haragiztatzen du promesa hori: Jesus bera da argia.

Hortaz, argia Jainko izendaezinaren aieru iradokitzailea izan daiteke.

Argi izango ahal da gaur gure bizitza!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude