HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 22
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak menditik alde egin eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen hori inork jakiterik nahi, ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien: «Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunera piztuko da». Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzeak, berriz, beldurra ematen zien. Iritsi ziren Kafarnaumera eta, etxean zeudela, Jesusek galdetu zien: «Zer eztabaida izan duzue bidean?». Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean. Eseri zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan zien: «Lehenengo izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria». Gero, haurtxo bat hartu, haien erdian jarri eta, besarkatuz, esan zien: «Honelako haur bat nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak, ez nau Ni onartzen, bidali nauen hura baizik».
Markos 9, 30-37.
Jesusen jarraitzaileek ezin zuten ulertu Maisuak zergatik sufrimendua eta heriotzetik pasa behar zuen. Ezta ere nolakoa izango zen handik hiru egunetara piztea ere. Guretzat ere zaila izan daiteke honelako baieztapen bat onartzea harridura aurpegia jarri gabe.
Honez gain, Jesusek esaten die lehena izateko guztion zerbitzari izan behar dela eta bere ondoan egoteko, maila txikienean daudenekin ibili behar dugula.
Gure kultura eta pentsamoldeetan ere ez da erraza hau jasotzea. Horregatik kristauok gero eta gehiago aldatzeko eta gehienen ohituretatik aldentzeko beldurra ez dugu sentitu behar. Jesusek onartu zuen bere bidea zein zen eta honekin koherentziaz jokatzeko azkeneraino, sufrimendua eta ulertua ez izatea jasan behar izan zuen. Bere gida eta arroka zein zen argi zuen eta bere nahia betetzeko bidearen norabidea jarraitu zuen zalantzarik gabe.
Ez dezagun guk ere gizartearekin bat ez datozen bizimodu, portaera, pentsamolde edo balioen beldur izan. Jesusen iparrorratza jarraituz gero, oso esanguratsuak eta indarra berezko indarra daukaten aldaketak etor daitezke. Ausartu gaitezen azkenak izateko beldurrik ez izaten, ausartu gaitezen konponbide eroso edo arrakastatsuenak ez aukeratzen, ausartu gaitezen zaurgarrienak gure erdian jartzen. Ausartu gaitezen!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments