HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 21
Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseririk, eta esan zion: «Jarraitu niri». Mateok zutitu eta jarraitu zion. Geroago, Jesus mahaian zegoen Mateoren etxean; beste zergalari eta bekatari asko ere etorri eta mahaian eseri ziren Jesusekin eta honen ikasleekin. Fariseuek, hori ikustean, esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zuen Maisuak zergalariekin eta bekatariekin?». Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ez dute osasundunek sendagile beharra, gaixoek baizik. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».
Mateo 9, 9-13.
Zenbatetan gu ere kritikaren tentazioak harrapatuta sentitzen garen! Zenbatetan errukirik gabe besteak zer merezi duten eta zer ez esatera ausartzen garen!
“Errukia” hitzaren gaztelaniazko etimologiari begiratuko bagenio. “con-” eta “patior” aurkitzen ditugu: “con-” ondoan egon; eta “patior” sufrikarioa. Hau da, bestearekin sufritu edo bestearengatik sufritu esan nahi duela ondorioztatu dezakegu.
Zenbaitetan gure begirada indiferentziarekin lotutakoa izaten den bitartean, Jainkoaren begirada errukiarekin lotutakoa da. Bestearekin sufritzeak eta errukia sentitzeak guregan giltzapetuak egotetik salbatzen gaitu.
Hau da Jesusen gonbidapena: ireki begiak eta gure inguruan gertatzen denaz jabetu gaitezen, ez baita ezer indiferentea gure bizitzan. Besteen oinetakoak jarri eta haiekin ibiltzen saiatzeak, beste ikuspuntuak ulertzen lagunduko digu, besteek egoerei aurre egiteko erabiltzen dituzten erantzunak nondik datozen antzematen eta ziurrenik, gatazkei aurre egiteko beste moduak eskainiko dizkigu.
Epaiak eta indiferentzia ala errukia sentitzera gonbidatua sentitzen naiz?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments