HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 20
Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren Berri Ona hots egiten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatua zuen zenbait emakume ere: Maria Magdalena –honengandik zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko; hauek beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.
Lukas 8, 1-3.
Pasarte honek gaurkotasun handia duela iruditzen zait.
Ebanjelioan agertzen zaizkigun erreferentzia nagusiak gizonenak dira eta emakumeen “aurkezpen txartela” gizonezkoen bidez egiten da, hauekiko duten harremana azalduz. Ez da harritzekoa, garai hartako ikusmoldea zen.
Elizaren barruan bizi dugun egoera aztertzen badugu, zalantzarik gabe esan dezakegu badugula oraindik ere emakumearen gaia landu beharra.
Jesusek norabide bat erakutsi zigun emakumeez inguratzean bere taldean. Jesusen sendaketa behar zutenak eta aldi berean, bere ondasunez laguntzen zutenak. Eta azken hau dionean, ziur nago ez dela bakarrik ondasun ekonomikoaz ari: bere ausardia, enpatia, zaintza, zuhurtzia eta ekimena ere besteen zerbitzura jarriko zuten.
Nolako laguntza eta kidetza daukagu guk Jainkoaren erregetzaren berri ona aldarrikatu nahi dugunean? Elizan emakumeak duen funtzioaz hausnartzeko eta aktiboki erabakiak hartzeko prest al nago?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments