HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 19

Aldi hartan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen. Honetan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zen negarrez, eta haren oinak malkoz bustitzen hasi zen; gero, ileaz xukatu eta musukatu ondoren, ukenduz gantzutu zizkion. Hau ikusirik, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Gizon honek, benetan profeta balitz, jakin behar luke zer-nolakoa den bera ukitzen ari den emakumea, bekataria baita». Jesusek esan zion: «Simon, badut zerbait zuri esateko». Hark erantzun: «Esazu, Maisu». «Mailegu-emaile batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion, eta besteak berrogeita hamar. Nondik ordaindu ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?».

 Simonek erantzun zion: «Gehien barkatu zaionak, nik uste». Jesusek esan zion: «Zuzen diozu». Eta, emakumeagana itzulirik, Simoni esan zion: «Ikusten al duzu emakume hau? Zuenean sartu naizenean, zuk ez didazu oinak garbitzeko urik eman; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz gantzutu; honek, berriz, oinak ukenduz gantzutu dizkit. Hau diotsut, beraz: hainbesteko maitasuna agertzen duenean, bekatu asko barkatu zaion seinale da; gutxi barkatu zaionak maitasun txikia agertzen du». Eta emakumeari esan zion: «Barkatuak dituzu bekatuak». Beste bazkaltiarrak beren artean esaten hasi ziren: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?». Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».

Lukas 7, 36-50.

Maitasunaren hizkuntzaren bi norabide agertzen zaizkigu pasarte honetan.

Zorionez, askok izan dugu aukera Jainkoaren amaigabeko maitasuna ulertzen eta sentitzen lagundu diguten esperientziak; hau da, sentitu dugula norbaitek zintzotasunez, baldintzarik gabe eta mugarik gabe maite gaituela. Nire ustez, bi norabideetan gertatzen da hau Jesus eta emakumearen artean eta azken honek ez du inolako zalantzarik duen onena emateko maisuari: ukendurik hoberena bere oinetan emanez, eskertza eta miresmena itzultzen dizkio Jesusi.

Bestalde, baldintzarik gabeko maitasunak sortzen duen ekimena beste behin ere aurre hartzen du: barkamena. Barkamenak ez du izkutatzen egia bilatu beharra, ez du justizia beharra ekiditen, ez du zaurien sendaketaren beharra alde batera uzten.

Barkamenak bigarren aukerei buruz hitz egiten digu, barkamenak guk geuk ere gaizki egindakoetatik abiatuz bestearen akatsen ulermenera hurbiltzen gaitu, barkamenak berriro ere elkar maitatzeko eta egoteko beharrari buruz hitz egiten digu.

Erraza dirudien arren, zaila egiten zaigu zenbaitetan. Emaiguzu guri ere, Jesus, sinesmena Zuk bezala barkatu eta maitatzeko, besteek ukitzen utzi gaitezen eta bakean bizi eta joateko aukera emaiguzu emakume honekin egin zenuen bezala.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude