HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 16
Aldi hartan, Jesus, herriari egindako hitzaldia amaiturik, Kafarnaumen sartu zen. Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen, oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian. Ehuntariak, Jesusen berri entzunik, judu buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz. Haiek, Jesusengana joanik, arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du Zuk hori egitea, maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere». Jesus haiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak, esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor Zu nire etxean sartzeko. Horregatik, ez naiz ausartu neu zugana joaten; aski duzu hitz bat esatea, nire morroia sendatzeko. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendeagana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinesmenik». Mandatariak etxera itzuli zirenean, sendatua aurkitu zuten morroia.
Lukas 7, 1-10.
Zenbatetan esan izan dugu mezetan esaldi hori: “Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko…”. Halaxe da. Geure buruari zintzotasunez begiratzen badiogu, gelditzen bagara bederen tarte batez ispiluan gure islada zein den ikusteko, konturatzen gara handitasun eta maitasun mugagabetik urrundu egiten garela zenbaitetan… edo askotan… Baina Ebanjelioan ez da agertzen burua goitik behera astinduz Jesus, edo begirada zorrotza duen Jesus, edo “halaxe da pekatari” pentsatzen ari den Jesus.
Jesusen begirada harriduraz betetakoa izan omen zen, hau da, gure giza pentsakeran gerta zitekeen epaitzeko tentazio hori alde batera utzi, eta maitasun eta miresmenez begiratu omen zuen.
Oraingoan ere, Jesus da gu harritzen gaituena: gu maitatzeari utzi ezin dezaioken Jainkoaren irudi da beste behin ere. Honen aurrean, berriz gonbidapen hau jasotzen dugu: Fida zaitez! Jarri indarra eta eraiki etxea ontasun amaigabearen lurretan!
Jesus, “esazu hitz bat eta sendatuko naiz!”. Handitu ezazu gure fedea eta argi gaitzazu eguneroko bizitzan. Egin dezagun gaur eskaera hau.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments