Agur Jaunak

2024 Ira 16

Udako oporraldi ostean, kurtso berria agurtuko dugu “AGUR JAUNAK” kantua aipatuz. Abesti eder hau ezaguna dugu Euskal Herrian zehar, baina, beharbada, bere jatorria ez hainbeste. Jatorriaren bertsio bat baino gehiago dauzkagu, baina batera jo zein bestera jo, denetan agertzen zaigu, “Urtxaille” ( Manuel F. Lekuona Rezola: 1828-1901) eta bere 1851eko pelota-partidu ospetsua. “Urtxalle” bere jaiotetxe izenez ezagutzen dugun hau, Oiartzunen jaio zen baina gero Errenterian bizi izan zen. Antonio Zavalak Auspoa bildumako 116an dioskunez, Urtxalleri zor diogu “AGUR JAUNAK” kantua, Antonio Peña y Goñi jaunak kantu eta pianorako jarria. Ez dakigu non entzungo zuen  Urtxallek melodia hori. Kantuko letrari erreparatzen badiogu eta “gire” aditzari begiratu, Zuberoa aldekoa dirudi, edo, bertsolaria ere bazenez, berak asmatua ere izan liteke pelota partiduaren ostean. Gero, 1893an, Etxeberria-Gimonek “Ecos de Vasconia” bilduman sartu zuen abestia. Geroagora, 1917an Gipuzkoako Aldundia, euskal agur-kantu berezi baten bila zebilenez, Inazio Pérez Arregui jaunak, abesti hori berori aukeratu zuen, eta 1918ko abuztuaren 1ean, aurkeztu eta Loiolako San Inazioren prozesioan jo eta kantatu zuten. Harrezkero denok darabilgu gure ospakizun-agurretan. Oraintsuago, 2015ean UPV/EHU-ak letra aldatu zuen, “andreak” sartu eta “Jainkoa” kendurik. Jatorrizko letrak errespetatu behar lirateke eta aldatzekotan  berriak egin. Hala biz!

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Eskerrik asko. Azken puntuak ematen du bai zer pentsatua gure gizarteari buruz. “Danak Jainkoak eiñak gire” kantatzea edo “Danak berdinak einak gire” (EHUk egindako moldaketa) ez dira gauza bera, eta ez dago ezertxo ere baztertzailea edo iraingarria (zuzendu beharrekoa) lehen bertsioan. Egokia ez bada, erabil dadila beste kanta bat, baina kantua desitxuratzea…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude