Agidanez, bizitzan bada zorte on (zoriona) eta bada zorte txar (zoritxarra).
Zorte ona da gizartean leku bat izatea: senidea, lagun-sarea, lan duina, ingurukoen estimua, bizitzaren premia materialei aurre egiteko behar beste baliabide…
Giza bizitzaren bazterretan bestelakoa gertatzen da, giza izaera ukatzen baita.
Emakume samariarra eta emakume adulteriogilea giza izaera ukatuaren sinbolo bortitzak dira.
Samariarra ordu desegokian hurbiltzen da putzura, bakarrik, epaitzen dutenen begiradetatik alde egin nahian, nonbait. Antza denez, bere bizitza ez da ereduzkoa; antza denez, behin baino gehiagotan bazterrean utzi dute; antza denez, gizartean lekurik gabe bizitzera ohitu da. Eta egarri da, uraren egarri; baina, batez ere, bere bakardadean, benetako harremanen egarri. Paradoxikoki, Jesusek ura eskaini beharrean, eskatu egiten dio; Jesusek berak emakumearen laguntza espero du. Jesus da lekua eskatzen diona. Hasiera baino ez da.
Adulteriogilea bazterraren bazterrean dago, heriotzaren mugan. Itxuraz, giza bizitzaren erdigunea moral argiaren eta zorrotzaren lekua izan ohi da, non emakume horrek ez duen lekurik. Adulterioa, ordea, biren kontua da: bata, gizonezkoa, libre geratzen da giza antolamendu moral horretan; bestea, emakumea, “ez-leku”ra bidalia da. Jesusekiko topaketa, hain zuzen ere, “ez-leku”an gertatzen da; bizi-mugetako minaren aurrean Jesus makurtu, beheratu, hustu egiten da; nonbait, “ez-leku” bihurtzen da.
Jesusekin topo egiteko abagune paregabeak dira “ez-leku” horiek, biak ala biak. Gizartearen bazterrean, hots, gizartearen mugan, gurutziltzatzea gertatzen da hain zuzen ere. Gizarte (itxuraz) ondraduak ezin du jasan horrelako topaketarik, gehiegikeria baita. Emakume horiek, berriz, topaketarako oso “ez-leku” apropos dira.
0 Comments