HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 8

Aldi hartan, utzi zuen Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen barna, Galileako itsasora itzuli zen berriro, Dekapolisko lurraldean zehar. Gizon gor eta hitz-motela eraman zioten, eta eskua gainean ezartzeko eskatu. Jesusek, jendeagandik aparte harturik, hatzak belarrietan sartu zizkion eta listuz mihia ukitu. Gero, zerurantz begiratuz, hasperen egin eta esan zion: «Effeta», hau da, «ireki». Eta une berean, belarriak ireki zitzaizkion, mihia askatu eta garbi hitz egiten hasi zen. Gertatua inori ez esateko agindu zien Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta areago zabaltzen zuten. Biziki harrituta, hau zioten: «Ondo egin du dena: gorrei entzun ahal izatea eman die eta mutuei hitz egitea».

Markos 7, 31-37.

Hasierako liburuak erakusten digunaren arabera Jainko sortzaileak hitzaren bitartez sortu zuen izadia eta gizakia. Hitza sortzailea da Bibliarentzat. Hitzek ematen digute gizakioi Jainkoarekin sortzailekide izatearen ahalmena. Eta Jesusek, Dekapolisko gizon honekin topo egiterakoan, sortzaile izatea berreskuratzen dio. Jainko sortzailearen irudia berreskuratzea oparitzen dio. Sortzailekide izatera deituak gara eta Jesusek opari hori eskaintzen digu, berdin dio nongoak izan edo zertan datzan gure fedea. Jesusen fedeak ez ditu mugak ezta kredoak ere ezagutzen. Gizakia Jainkoaren Espirituaren tenplua dela ez du inoiz ahazten, aldiz, “tenplu” hau behin eta berriro berreraikitzen datza bere ahalegina, Isaias profetaren irakurgaian jaso zuen erara.

Gogoratu: Gaur bete da orain entzun duzun Liburu Santuko hitz hau.

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude