HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 6
Aldi hartan, fariseuek eta lege-maisuek esan zioten Jesusi: «Joanen ikasleek sarri egiten dute barau eta otoitz, baita fariseuen ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan ari dira». Jesusek erantzun zien: «Nola nahi duzue ezteietara deituek barau egitea, senar berria berekin dutelarik? Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau». Parabola hau ere esan zien: «Inork ez du jantzi berririk urratzen, zaharrari adabakia ipintzeko; bestela, jantzi berria hondatu egingo litzateke, eta zaharrari ez litzaioke berriaren adabakia egoki etorriko. Ez du inork ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; ardo berriak zahagiak lehertu egingo lituzke; ardoa isuri egingo litzateke eta zahagiak galdu. Ardo berria zahagi berrietan sartu behar da. Ardo zaharrarekin ohitua dagoenak ez du berririk nahi, “zaharra hobea duk” esaten baitu».
Lukas 5, 33-39.
Jaia, poza, ospakizuna. Hauek dira Jesusen inguruan sortzen direnak. Ez dira azalekoak, adabakiak ez direlako, jantzi berriak baino. Bizi berria gainean dugula adierazten dute. Poza, jaia, ospakizuna, berri ona onartu dugun seinale dira. Ez dira adabakiak ezta mozorroak ere. Jesusen Berri Ona gurutzetik ihes egiten ez duen Berri Ona da. Jaia, poza, ospakizuna berpizkundearen konfiantzan datza. Jaungoikoa gugandik hurbil dabilen arrastoak dira. Eta igartzeko gaitasuna duenak bizi berria sorrarazten duen Espirituari lekua lagatzen diola adierazten du. Berari lekua eginda bizitza sortzen da. Bizitza sortzen ez denean Espiritu sorrarazleari nolako tokia lagatzen diogun arakatu beharko genuke.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
“Jesusen Berri Ona gurutzetik ihes egiten ez duen Berri Ona da!”
Egungo mendebaldean nagusitu zaigun kulturarekiko disruptiboa bezain bikaina; eta ‘gurutzea Argi’ bilakatu zen…, gurutze izateari utzi gabe ordea, dozetismo barik, haragitzea, honek dakarren guztiarekin; hor -gurutze-bidean- (batez)ere, haragitzen eta arragotzen, arazten da Espiritua, eta espiritua.
Eskerrik asko Marisabel!