HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 5
Aldi hartan, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret aintzira-ertzean zegoen Jesus. Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen txalupa haietako batera, Simonenera, eta lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion. Gero, eseri eta txalupatik jendeari irakasten jardun zuen. Hitzaldia bukatzean, esan zion Simoni: «Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun zion: «Maisu, gau osoan eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; hala ere, Zuk diozunez gero, botako ditut sareak». Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zuten, sareak lehertzeko zorian baitzeuden. Beste txalupako lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; etorri ziren, eta bi txalupak bete zituzten, ia-ia hondoratzeraino. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu zen Simon Pedro, esanez: «Alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta». Izan ere, zur eta lur zeuden Simon eta harekin ziren guztiak, eginiko arrantzuagatik, eta gauza bera gertatzen zitzaien Simonen arrantzu-lagun ziren Zebedeoren seme Santiagori eta Joani ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: «Ez beldur izan, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».Haiek txalupak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.
Lukas 5, 1-11.
Jendea Jesusen inguruan pilatu egiten da. Jendearengandik hurbil bizi delako. Hurbiltasuna bere bizitzako estiloaren ezaugarria da. Oso irudi ederra da hurbiltasun hori. Bere samurtasuna, bere bakea, bere eragina…zertan zetzan jendea erakartzeko gaitasun hura? Zertan datza gaur zugan Jesusenganako erakarpena? Berak ez du ezer eskatzen; aldiz, neurrigabekoa da bere eskaintza. Neurri guztiak hausten dituen horietakoa. Beldurrak eragin handia du bere eskaintzan. Baina eraginkorragoa da beldur gabeko Jesusenganako konfiantza. Horrek eraldaketa dakar gure bizitzara, gure ingurura, gure harremanetara. Simonek horrela bizi izan zuen. Guretzat eredugarria izan liteke ez zuelako konfiantza bat-batean ikasi. Konfiantza praktikatu egin beharrekoa da egunero, une oro. Konfiatu. Besterik ez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments