HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 4

Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten. Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari, eta sukarrak alde egin zion. Berehala jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien amaginarreba. Eguzkia sartu zenean, gaixoak zituzten guztiek, edozein zela ere haien gaitza, Jesusi eramaten zizkioten, eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egiten zituen. Askorengandik deabruak ere ateratzen ziren, deiadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!». Jesusek zorrotz galarazten zien hitz egitea, bazekiten-eta Mesias zela. Eguna argitu orduko, atera eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, alde egin ez ziezaien. Baina Jesusek esan zien: «Gainerako herrietan ere adierazi beharra dut Jainkoaren erreinuaren Berri Ona, horretara bidali bainau Jainkoak». Eta Judeako sinagogetan ibili zen Berri Ona hots egiten.

Lukas 4, 38-44.

Jesusen hurbiltasunak eraldatu egiten du errealitatea. Pertsonek bizia berria balitz bezala berreskuratzen dute eta besteenganako harremanak ere eraldatuta geratzen dira. Zerbitzua da eraldaketaren seinale.  Ezagutzen ditugu zerbitzua bizitzaren ardatz bezala ipini eta bazterrak eraldatzen dituzten pertsonak. Jaungoikoaren proiektuaren gaurkotasuntzat ditugu. Jesusen pertsonenganako hurbiltasuna Beste baten hurbiltasunaren isla baino ez da. Hurbiltasun hori elikatzeko, hurbiltasun horren egilearekiko harremana bakardadearen sakontasunean  dario. Bakardadea, aukera egokitzen zaio Aita Jaungoikoaren hurbiltasuna zaindu eta sendotzeko. Jesus bilatzen duzu? Jesus bere proiektua edonora zabaltzeko prest zegoen. Gure elizak mugak ipintzen al dizkio proiektu honi edo mugak zabaltzen saiatzen da?  

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude