HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 2
Aldi hartan, Jesus Nazaretera, bera hazitako herrira, joan zen, eta larunbatean, ohi zuenez, sinagogan sartu eta zutik jarri zen irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen: «Jaunaren Espiritua nire gainean dago, hark gantzutu bainau, behartsuei Berri Ona emateko, gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau, zapalduei askatasuna ematera, Jaunaren onginahi-urtea hots egitera». Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman eta eseri zen. Denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Jesus honela hasi zitzaien: «Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau». Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, ba, hau Joseren semea?».
Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura gogoraraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua“, eta esango: “Egitzazu hemen ere, zeure herrian, Kafarnaumen, egin omen dituzun gauzak”». Eta erantsi zuen: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua denik. Egiaz esaten dizuet: Bazen emakume alargunik asko Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin gabe egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zion haietako inori bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baizik. Eta bazen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman baizik».
Hauek entzutean, sinagogan zeuden guztiak amorruz bete ziren. Eta jaikirik, Jesus herritik kanpora atera eta herria eraikia zegoen mendiko amildegira eraman zuten, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.
Lukas 4, 16-30.
Jesusen Berri Onak behin baino gehiagotan barneak mugiarazten dizkigu. Behin baino gehiagotan itxaropena sendotu egiten digu. Behin baino gehiagotan gure konpromisuaren sustraiak elikatzen ditu. Behin baino gehiagotan Jesusenganako atxikimendua berpizten du.
Lukasen zati hau horietako bat da, zalantzarik gabe. Isaias profetaren hitzak Jesusen ahoan, batez ere bere bizitzaren bitartez, nabarmen esanguratsuak egiten dira. Eta, irakurleok, Jesusen jarraipenean bizitza antolatzen ahaleginduta murgiltzen garenean, ezin dugu adierazpen argiagorik aurkitu. Espirituaren eraginak norantza berberean jartzen gaitu beti: Berri ona, askatasuna, argia sortzean.
Eta irakurgaiak ere adierazten du zer sortzen duen gure inguruan horrelako esperientziak: harridura eta amorrua. Ez da gauza berria.
Gure elizak gaur egun horrelakorik ere sortzen du hainbat ingurutan. Zerk sorrarazten du gure egunetan harridura eta amorrua gure elizaren bizitza begiratzerakoan? Gure bizitzako zein arlo mugiarazten ditu ingurukoak?
Gogoratu: Gaur bete da orain entzun duzun Liburu Santuko hitz hau.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments