HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 1
Aldi hartan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku kutsatuekin –hau da, eskuen garbikuntza egin gabe– jaten zutela ikusi zuten. Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz. Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute ohiturazko beste hamaika betebehar: hala nola, edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.
Horrela bada, fariseuek eta lege-maisuek galdetu zioten Jesusi: «Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?». Jesusek erantzun zien: «Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi zuenean: “Herri honek ezpainez ohoratzen nau, baina nigandik urruti du bihotza; alferrik naute gurtzen, hauen irakaspena giza agindu hutsa da”. Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue». Jesusek jendeari berriro dei egin eta esan zion: «Entzun denok eta ulertu ongi. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». Eta gaineratu zuen: «Barrutik ateratzen denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin. Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak, adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria. Gaiztakeria hauek guztiak barrutik ateratzen dira, eta hauek dute kutsatzen gizakia».
Markos 7, 1-8. 14-15. 21-23.
Errebelazioak, Berri Onak, errealitatea beroien espirituarekiko fidel aztertzera eta interpretatzera bultzatzen du. Ezin dira ezdeusean gelditu, arauetan, doktrina zehatz batean eta sinesmenen gordailu batean hezur-mamituko dira derrigor. Hau behar-beharrezkoa da, bizitza gizarte baten immanentzian biziko bagara.
Horrek baina badu arrisku handi-handi bat beti mehatxuka: sortu zireneko jatorriaz, sortu zireneko espirituaz ahaztuz eta ahaztuz joatearen arriskua, hainbesteraino agian, non, eduki horiek erroa eta lotura guztia galduta, bitartekari izateari uzten dioten, euren baitan zegoeneko espirituaren zerbitzura aritzeari utzi, eta horiek beroiek, beren soilean, beregain bihurtu. Letra eta espirituaren arteko Pauloren tirabira paulotarra datorkigu hemen gogora. Bere garaiko arau asko eta asko urratu zituen Jesusek, ez baina urratze huts aldera, ez, horien guztien atzean guztiz bazterrezina izan behar duen errukia dagoelako, areago ere, guretzat eredu eta iritsiezin zaigun Jainkoaren errukia.
Arauak garrantzitsuak dira, beharrezkoak, baina betiere euren bitartekaritza izaera ulertzen jakin behar da. Jainkoak bere Semearen bidez gerturatu eta ikutu gintuen, baina ez hor gera gintezen, ez, geure neurrira egindako lasaigarri bat eskura genezan. Ezin dugu idolatrian edo sineskerian gure fedea ito. Jesus dugu bidea, Bera bide eta helmuga dugu. Bide horrek gure sinesmena zer-nolakotzen duten fede-edukiak, sakramentuak, errituak eta zenbait eta zenbait osagai eman ditu, baina sekula bide izaera izateari utzi behar ez diotenak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments