HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 31
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!”. Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!”. Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».
Mateo 25, 14-30.
Gaurkoan talentuen parabolaren bidez Jesusen Berri Ona den altxorraren berri aditzera ematen zaigu. Den-denok gara altxor horren onuradun. Nor bakoitzari modu batez ailegatzen zaio letra larrizko Altxor hau, baina modu batez edo bestez den-denontzat da. Norbere neurrira ailegatzen den Berri Ona, hemen, pasarte honetan, jasotako talentuen bidez adierazia dago.
Berdin zenbat jaso, Jainkoak bakarrik baitaki bere bideen zer-nolakoa. Egoerak egoera, talentu kopurua kopuru, erantzunak hartzen du hemen garrantzi guztia. Hiruek dute jasotako Altxorraren berri; izan ere, hiruek ala hiruek hartzen dute eurek ondo gordeak edukitzeko ardura. Garrantzia emate hau eta hortik segitzen den ardura, zinez sinesdunak direnen fedearen iradokigarri izan litezke. Hartara, hiru-hiruak sinesdunak direla esan beharko dugu. Halere, fede horrek ez du berdin eragiten hiruengan. Hirugarrenaren portaeraren bidez zera-edo eman nahi liezaguke aditzera Jesusek: fruiturik ematen ez duen fedea, emankorra ez den fedea. Izan ere, hirugarrenari, gutxiago jaso izana (talentu bat, alegia) bazter utzita, jasotakoa aintzat hartzen jakin ez izana leporatzen dio.
Halako zerbait adierazi nahiko liguke Jesusek guri parabola honen bidez. Aintzat hartu behar dugu, ondo hartu ere, dugun fedea. Eta, gure fedeari helduta, eta bere eraginez, geure burua ere dohaintzat hartu beharko genuke, besteei ematera deitua dagoena. Parabolan beldurrak kateatzen du hirugarren hau eta, fruiturik eman gabe, jasotako altxorra gordetze hutsera bultzatzen du. Fedea baina beldurraren guztiz bestaldean dago. Benetako fedetik indarra, itxaropena eta poza segitzen dira. Hala eragin beharko liguke geuri ere fedeak. Nabaritu behar dugu aitortzen dugun fede hori gure egunerokoan; ikusi eta sentitu egin behar da, lurperatua eta ezkutatua ez badugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Zoragarria iruzkina. Eskerrik asko