HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 30

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!”. Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!”. Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».

Mateo 25, 1-13.

Jainkoarekin ez genuke gerotik gerora ibili beharko. Gazte-garaian, gauzak oso ondo doazkigunean, askotan gure fedea ez da gure bizitzaren erdigunean egoten. Jainkoarekin baina, ez genuke zahartzarorako, gaixoaldirako, heriotz-unea gertuago dugun garai horretarako kontua bailitzan ibili beharko. Bizitzaren Jainkoa da gurea, hori jarri zigun ezin argiago Jesusek. Badakigu  antropologikoki gaxioaldiek, bizitza-krisiek, galerek…errotzen gaituztela nabarmen sakontasunarekin. Asko galdu dugunean edo galtzear eduki uste dugunean ohartzen gara zin-zinetan inportantea den horretaz.

Gurea baina Biziaren Jainkoa da. Hori ere esan zuen sarri askotan Xavier Zubiri filosofoak; gure Jainkoa ez da gaixoaldirako Jainkoa, osasunerakoa baizik. “Hemen”, “orain” eta, batik bat, “gure artean” dugu jada Jainkoa. Izan ere, etortzera den “senar” hori, etorria dago jada, gure artean dago jada eta, bateratsu, bere etorrera egunetik egunera ari zaigu deika. Prest egon gaitezen hortaz, eta prest egote hori ez dadila betebehar izan guretzat, oso bestela baizik, Jesusen bizitza bete-betean parte har dezagun deia izan dadila. Ez gaitezen erdipurdi bizi, gerotik gerora ibiliz, etorrera hori urrutiko kontu bat delakoan, eta ospa dezagun Jainkoaren baitatik osasuna eta bizitza.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude