HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 29
Aldi hartan, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion.
Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan zion neskatxari: «Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut». Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere». Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?». Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua».
Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.
Markos 6, 17-29.
Joanen nortasunaren berri izan dezakegu gaurko pasarte honen bidez. Koherentzia hutsezko gizona dugu Joan. Bere bizimoldeak predikatzen zuenarekin guztiz bat egiten zuen, ezin zitzaion kontraesanik hauteman. Jesusekin topo egin arte, bere dizipuluak zituen, baina behin Bera ezagututa, zuen eginkizuna jada betea zuela ohartuta, Berari jarraitzeko esango zien.
Oso gizaki prestu eta apala genuen Joan. Egiaren testigantza ematen igaro zuen bere bizitza guztia. Hein horretan, aho bizarrik gabe hitz egin zuen beti. Letra xeheko egiak esaten zizkien soldaduei, fede handiko pertsonei, bekatariei, erregeei,…nor bakoitzari berea, halako moldez, non guzti-guztiek haragiztatutako letra larrizko Egia ezagutu ahal izan zezaten.
Egiarekiko bere fideltasun guztizkoagatik gartzelaratu, kateatu eta, azkenerako, burua moztuta, erahil zuten.
Nekez iritsiko dugu horrelako giza maila, nekez ere egongo gara horrelako egoera batean. Baina, horraino gabe ere, gure bizitzan, gure egunerokoan, Jesusen testigantza ausarta ematera deitzen gaitu gaurko pasarteak. Bizi dugun garaiak ez du Joanek bizitakoaren krudelkeria, ezta hurrik eman ere. Alabaina, gaur egun fedearentzako gero eta toki gutxiago dago, gure fedearen testigantza emateko orduan gero eta deserosoago gaude. Askotan berau isilpean gordetzeko tentazioa izan ohi dugu. Ez dugu hori egin behar baina. Eman zaigun bizi-altxorra partekatu eta zabaltzeko da. Joanen hitzez esanda: “Hark hazi egin behar du eta nik txikiagotu” (Jn 3, 30)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments