HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 28
Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zarete: kanpotik itxura ederrekoak, baina barrutik hil-hezurrez eta ustelkeriaz beteak! Zuek ere honelakoak zarete: kanpotik zintzoak jendearen aurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak. Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eraikitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dituzue, esanez: “Gure arbasoen egunetan bizi izan bagina, ez genukeen parterik hartuko haiekin profeten hilketan”. Horrela, zeuek aitortzen duzue profetak hil zituztenen ondorengoak zaretela. Bete, bada, zeuek ere zuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!».
Mateo 23, 27-32.
Aurreko bi egunetako pasarteetan bezala, erlijioak bizi duen beste ohiko arrisku bat ere dugu gaurko pasarte honetan. Fedetik araubide batzuk, erritu eta zenbait bete beharreko praktika segitzen dira. Hau guztiau erabat normala eta espero izatekoa da, sinesmen batzuek egituratzen duten sinesmen-elkarte bat osatzen dugun aldetik. Baina, aurreko bi egunetan esan nuen moduan, antzeko arrisku bat dugu hemen. Kanpora begira baino ez aritzeak fede-praktika guztia errotik itoaraz dezake.
Nola ari daiteke inor kanpora begira soil-soilik, besteek zer esango-edo besterik ez duela gogoan? Nola gerta daiteke holakorik? Baldin-eta, bestalde, finean eta buruan norberak ondo ere ondo baldin badaki zein den bere eginbidearen benetako izaera eta, fededuna izanik, ondo jakinda Jainkoa duela lekuko isila. Bada, gizakiak dena beti bere apeta eta neurrira egin nahi izate horretan, tranpa txiki inkontziente batzuekin hasi eta, konturatzerako, lagun hurkoa ez ezik, bera berau ere engainupera lerratu da, bera berau bere amarru eta itxurakeriez jada ohartun ez dela. Bigarren kasu hau ere “kanpora begira” baino ez aritzea litzateke, azaletik bizitzea litzatekeen aldetik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments