HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 27

Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Barazkirik kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dituzue; legeko gauzarik garrantzizkoenak, berriz, zuzenbidea, errukia eta leialtasuna, bazterrera uzten. Hauek bete behar zenituzten, haiek baztertu gabe. Gidari itsuok! Eltxoa iragazten duzue, eta gamelua irensten! Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, barrutik lapurretaz eta gutiziaz beterik dauden bitartean. Fariseu itsu hori! Garbi ezazu lehenik edalontzia barrutik, kanpotik ere garbi geldi dadin».

Mateo 23, 23-26.

Letraren espiritua ari da aldarrikatzen pasarte honetan Jesus. Moral argi-argia zuten fariseuek. Berorretik zetozen arau guzti-guztiak ondo baino hobeto betetzen zituzten. Alabaina, eta jada aurreko eguneko ebanjelio-pasarte iruzkinean esanda bezala, erlijioak duen antzeko arrisku bat ikus dezakegu gaurko pasarte honetan ere: letra eta espiritua nahastearen arriskua.

Fedeak edukizko bitartekaritzak behar dituen moduan, berorretik segitzen den moral eta arauak ere bitartekaritzak dira. Espirituak letrari ematen dio bide. Gizakiak garen aldetik, eta gure egunerokoan mundu eta gizarte immanente batean bizi garenez, ezin gara une oro gure araubideaz hausnartzen aritu. Hein horretan, eguneroko erabaki azkar horietarako jatorrian Espirituarengandik eratorritako arau eta agindu moralak ditugu eskura.

Ez dezagun, baina, letra den moral hori guztia letra hutsean utzi. Aintzat har dezagun beti nondik datorren, non duen bere jatorria, eta ibilian-ibilian ea gauza garen gero eta zintzoago bizitzeko letra horren baitan dagoen Espirituaren arabera.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude