HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 26
Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Jendeari zeruetako erreinuko sarrera ixten diozuenok! Zeuek ez zarete sartzen eta sartu nahi dutenei ez diezue uzten. Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Baten bat judu berri egiteagatik itsaso eta lehor zabiltzate eta, egin duzuenean, zeuek baino bi aldiz gaiago bihurtzen duzue infernurako. Ai zuek, gidari itsuok! Honela irakasten duzue: “Tenpluagatik zin egiteak ez du baliorik; tenpluko urreagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen duen tenplua? Beste hau ere irakasten duzue: “Aldareagatik zin egiteak ez du baliorik; aldare gaineko opariagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. Itsuok halakook! Zer da handiago, oparia ala oparia sagaratzen duen aldarea? Aldareagatik zin egiten duenak, aldareagatik eta gainean dagoen guztiagatik egiten du zin; tenpluagatik zin egiten duenak, tenpluagatik eta bertan bizi den Jainkoagatik egiten du zin; zeruagatik zin egiten duenak, Jainkoaren tronuagatik eta bertan eserita dagoenagatik egiten du zin».
Mateo 23, 13-22.
Gure fedeak sinesmen-edukiak eta berari heltzeko mediazioak edo bitartekaritzak ditu. Beroiek ez dira gure fedeari gehitutako eranskinak, ez, gure fedea bera zer-nolakotzen dute eta beraren parte dira. Testu honi kontu egiten badiogu, labur beharrez esan genezake tenpluan eta aldarean ikusten dugula Jaikoarenganako bitartekaritza hori gauzatzea.
Hau hala izanik ere, badago betiere erlijioan arrisku handi bat, gure fedea etengabe mehatxatzen eta erasotzen duena; bitartekaritza horiek “zubi” helburu izateari utzita, norberak beroietan bere neurrirako bakea eta lasaitasun faltsuak aurkitzea. Hartara, segurtasun faltsu horien babespean, Jainkoarenganako bidea lausotuz joan dakiguke, are, muturrerainoko egoeretan, bidea guztiz itxita gelditu ere. Bitartekaritza horiek guztiak garrantzitsuak oso dira, beharrezkoak, baina betiere euren bitartekaritza izaera ulertzen jakin behar da. Jainkoak bere Semearen bidez gerturatu eta ukitu gintuen, baina ez hor gera gintezen, ez geure neurrira egindako lasaigarri bat eskura genezan. Ezin dugu idolatrian edo sineskerian gure fedea ito. Jesus dugu bidea, Bera bide eta helmuga dela. Bide horrek gure sinesmena zer-nolakotzen duten fede-edukiak, sakramentuak, errituak eta zenbait eta zenbait osagai eman ditu, baina sekulan bide izaera izateari utzi behar ez diotenak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments