HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 25

Aldi hartan, Jesusen ikasleetako askok esan zuen: «Gogorra da hizkera hau. Nork adi dezake?». Jesusek, bere baitan oharturik ikasleak marmarka ari zirela, esan zien: «Onartezina iruditzen al zaizue hori? Eta Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, orduan zer? Espiritua da bizia ematen duena; gizakiak ezin du berez ezer eman. Nik esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere nigana etorri, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen». Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera egin zuen, eta aurrerantzean ez zen harekin ibili. Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Erantzun zion Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua».

Joan 6, 60-69.

Gogorra egiten zaigu gaur egun ere gure salbamena, Jainkoarekin bat egitea, bizia izatea… guztia Jesusen bidez behar duela izan entzutea, guztia beragandik igarotzen dela entzutea. Ez dagoela beste salbatzailerik, ez beste biderik Jainkoagana iristeko. Jainko Aitak Jesus jarri digula bitartekari, bere bidez agertu digula nor den.

Fanatismotzat hartzen ditugu horrelako aitormenak. Mundu edo garai irekiagoetan bizi gara, erlijio eta sineskera guztiek dituzte beren egiak, gurea beste bat baino ez da…

«Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere nigana etorri, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen». Jesusek beti esango digu bera profeta baino gehiago dela, Jonas baino gehiago dela, Moises baino gehiago dela, edozein guru baino gehiago dela…

Jesus, harroputz hutsa dugu, ala, egiaz, guztiz berezia den norbaiten aurrean gaude?

«Zuek ere alde egin nahi al duzue?». «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua».

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude