HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 24
Aldi hartan, Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion: «Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zutena aurkitu dugu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek esan zion: «Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?». Felipek erantzun: «Zatoz eta ikus». Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?». Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean zinela, ikusi zintudan». Natanaelek erantzun zion: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako, sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu». Eta esan zion, gainera: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gain».
Joan 1, 45-51.
Natanael eta Felipe bi bilatzaile ditugu, bizi-iturriaren bila dabiltzanak. Felipek aurkitu dutela bila zebiltzana aipatzen dio Natanaeli. Baina honi sinesgaitza egiten zaio, ez zuelako bere barneko egarria ase zezakeena horrelako bideetatik espero. Eta Felipek aurrera pausoa eman dezala eskatzen dio, fida dadila berak dioenaz eta berak ikus dezala.
Jesusen aurrean jartzean barnetik ezagutua sentitzen da. Pikupean -pikondoa jakituriaren zuhaitza da- ikusi du, bere bilaketan, bere egarrietan ikusi du. Natanael, barnenean ezagutua ikustean, ezer ezkutatzekorik ez duela ikustean, eta hala ere «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea» Jesusen ahotik entzutean, egiaz bila zebilen biziaren aurrean sentitzen da. Izan ere, bestela, nork ezagutu gintzake gure akats eta gaizkietatik haratago? Nork, gure berri jakin eta guk geuk baino hobeto ezagutu arren, nork esan diezaguke “hona egiazko israeldarra”, egiazko pertsona, maitasun hutsez begiratzen diguna ez bada?
Eta horrela begiratu eta ezagutzen duenak esaten dio, gainera, hori harrigarri egin bazaio ere, handiagoak ikusiko dituela. Bere baitan bilatzen zuena oso txiki geratuko zaiola Jesusek emango dionaren aurrean.
Guri ere “Zatoz eta ikus” esaten digu gaur Ebanjelio honek. Hurbil gaitezen Jesusen aurrera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments