HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 23

Aldi hartan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, elkarrekin bildu ziren fariseuak, eta haien arteko lege-gizon batek azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?». Jesusek erantzun: «“Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

Mateo 22, 34-40.

Azpikeriaz-ez azpikeriaz, farisearraren galdera fede bizitzaren muinera doa. Izan ere, maitatzean dago guztiaren gakoa. Eta maitatzea kosta egiten zaigulako, maitatzen ez dakigulako, beste mila konturi bueltaka gabiltza.

Sinesgaitza egiten zaigu guztia maitatzera-ez maitatzera mugatzen dela onartzea. Izan ere, maitasuna, fedea bezala, esparru pribatura mugatu dugu. Lan giro eta harremanek, ekonomiak, politikak, ekologiak, kirolak, nazioarteko harremanek,… ez dute zerikusirik maitasunarekin! Ala bai? Ala horiek guztiek ez dute zerikusirik Jainkoarekin?

Mundu sekularizatuan bizi gara, alor horiek guztiek beren autonomia, arauak eta jokamoldeak dituzte. Ezin dugu maitasuna alor horietara eraman. Ala bai? Ala Jainkoak ez du balio gaurko mundurako, ez du lekurik gure artean? Jainkoa gure barne sentimenduetarako baino ez da maitasuna?

Maitatzea sentimendua baino gehiago lana, eginkizuna da. Pertsona sustatzea, bere onena ateratzea, zutiaraztea. Eta pertsona soilak ez ezik, elkarteak, herriak, nazioak…

“Nire Aita beti lanean ari da” esango digu Jesusek beste pasarte batean. Maitasun hutsa den Jainkoa etenik gabe ari da lanean -Jesus bera ere hala ageri zaigu batetik bestera Jainkoaren Erreinuaren berria zabaltzen-.

Izan ere, maitasunak, pertsona bere barne muinean harrapatzen duenean, guztiz hartzen du, eta pertsona horrek ez daki besterik egiten mugitzen den alorrean mugitzen dela.

Aitortu behar urrun, oso urrun gaudela. Eta aitortu behar ez dakigula maitatzen.

Jauna, irakats iezaguzu maitatzen.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude